IKUS-ENTZUN

Frantziako “Dokumentalaren hilea”, Bilbon

Frantzian urtero egin ohi den Dokumentalaren hilea (Mois du Doc) zikloko filmak Bilbora ekarriko dituzte hil honetan. Filmok, Bilbaoarte zentroan eta FNAC saltokian proiektatuko dira. Egitaraua Institut français, Bilbaoarte eta FNACek ondu dute. Zikloaren xedea da dokumentala kultur adierazpide gisa zabaltzea, nazioarteko sare bat eratzeko asmoz.

Lehenengo emanaldia bihar egingo da, Bilbaoarten, 17:30ean: Port of memory (Kamal Aljafari, 2009). Filmak Palestinako kostaldeko Jaffa hiriko biztanleen ebakuazioa jasotzen du. Salim familiaren nondik norakoak dira filmaren ardatza; familia horrek Ajamin zuen etxetik irteteko agindua jaso zuen, egun batetik bestera.

Kamal Aljafari zinegilea, Alemanian eta Ramallahan bizi da; hain justu, bigarren hiri horretan jaio zen, 1972an. Koloniako KHMn Ikus-entzunezko Arteak ikasi zuen, eta hainbat film labur egin ditu, tartean, Visit Iraq (2003) eta The Roof (2006); The Roof-ek , gainera, hainbat sari jaso zituen.

Horrekin batera, Jacques Richard zinegile frantziarraren Le fantôme d’Henri Langlois (2014) lana ere proiektatuko da. Filmak Henri Langlois zine-adituaren bizitza du ardatz.

Zikloaren baitan, beste film hauek ere aurkeztuko dira: azaroaren 5ean, Les plages d’Agnès (Agnès Varda, 2008); 10ean, Voyage en sol majeur (Georgi Lazarevski, 2010) eta Bambi (Sébastien Lifshitz, 2013); 11n, Kommunalka (Françoise Huguier, 2008); eta, amaitzeko, 12an, The ballad of Genesis and Lady Jaye (Marie Losier, 2011) eta Entre nos mains (Mariana Otero, 2010).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button