ESZENA

Hastekotan daude Getxo Antzerki Jardunaldiak

Bihar bertan, urriak 4, eta  hilaren 13ra arte, Getxoko  37. Antzerki Jardunaldiak izango dira, bertako Muxikebarri zentroan eta Algortako San Nikolas plazan. Antzerkiak, kaleko ikuskizunak eta dantza muntaiak osatuko dute jaialdiaren programazioaren eskaintza. Horiez gain, Algortako Kultur Etxean antzerki arineko bost muntaia ere ondu dituzte antolatzaileek.

Diogun bezala, jardunaldiak ostiralean hasiko dira Glu Glu taldearen Pinotxo haur-antzezlanaren eskutik, Muxikebarriko Ereaga aretoan, 18:00etan. Biharamunean, larunbatean, Shakti Olaizola konpainiak akrobaziak, dantza, musika eta pintura nahasten dituen Baldin Bada lana egingo du San Nikolas plazan, 13:00etan.
Arratsaldean, 20:00etan, James Joyceren literatura unibertsaleko klasikoan oinarrituta, Ados Teatroaren Dublineses antzezlana hartuko du Muxikebarri zentroak.
Igandean, Organik taldeak itsasoaren mundua eta horren barruan emakumeak duen papera tratatuko ditu Sardina Freskue! (Sani Nikolas plaza, 18:00) adin guztientzako dantza-ikuskizunean. Geroago, 19:00etan dantza izango da protagonista berriro ere, eta Dantzaz taldeak Sei izeneko ikuskizuna plazaratuko du.

Egun horretan ere, Antzerki Arineko programa abiatuko da. Algortako Kultur Etxean 20 minututik beherako bost muntaia antzeztuko dira 18:00etatik aurrera. Pabellón 6-en Antzerki Arineko Lehiaketan saridun suertatu diren hainbat lan ikusteko abagunean izango da bertan.

Getxo Antzerki Jardunaldien programa osoa hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button