EZLEKUBAT

Guggy eta gauzen benetako funtsa

Joaquin Leguina sozialista beteranoak, kazetariez gutxi fio, pasaizo hau kontatzen zuen: behin, Madrilgo presidentea zelarik, ba omen zihoan erakusketa bat ikustera, eta atean neska gazte batek, irrati-alkatxofa eskuan, galdetu omen zion: “Leguina jauna, ze iruditzen zaizu erakusketa hau?”. Leguinak orduan harrituta: “Aizu, barkatu, baina oraindik ez dut ikusi, nola emango dizut bada iritzia?”… Neskak orduan: “Berdin dio, esadazu zer edo zer, nik 5 minutu barru albiste-buletinean sartu behar zaitut eta”.

Hedabideek horrela zenbaitetan funtzionatzen duten ere, gutxi fio akaso… edota kazetariak “politikero”an sinesteko arrazoi handiagorik ba ote duen ere, hausnargai franko. Baina susmatzen dut “bekaria” gazteak Leguinari honako hau esan nahi ziola: “Mesedez, Leguina… hain beteranoa izanda, ez al dakizu honek guztiak nola funtzionatzen duen? Bota nahi duzuna, ez al dizute normalean aholkulariek hitzalditxoa idatzita ekartzen ala?. Garrantzitsua ez da zuk erakusketaz zer pentsatzen duzun edo erakusketa bera zertan den…, zu mostra hori ikustera etorri zarela baizik”.

Eta egunotan tertuliano gorbatadun-repeinatu bati aditu diot telebistan lehen bera ez zela Bilboko Arteder Museora joaten “inortxo ere ez zen han sartzen eta”. Baina, orain, hamar urte oparootan Guggenheimek kultura eta artea demokratizatu dituenez, geroztik bai Guggy-ra eta Artederretara joateko “gogoa sentitzen duela”. Ño, ni Bilbon nintzela joaten nintzen Artederretako erakusketak ikustera eta batez ere filme zikloetara, eta hantxe, proiekzio gelatxoan kabitu ezinda, lurrean jesarrita ere ikusten nituen gazte dexente…, ez ziur San Mamesen adina, horixe txarra.

Beno, tertuliano horrek ulertu beharko dit, ordea, oker zegoela: Guggyrekin edo gabe Artederrekora joatea merezi zuela, gazte unibertsitario horien artean arrakastatsuak eta produktiboak ere oroitzen baititut (!!), adibidez, Alex de la Iglesia. De la Iglesiak dagoeneko Bilbo Hiriaren urre eta diamantezko domina izango du, ezta? Hori bai euskaldun unibertsala…, kanpoan proiektatu gaituena… Eta bekario gazteak alkatxofa eskuan xuxurlatuko ligukeenez “gauzek benetan honela funtzionatzen dutenez”…, ai, gauzen benetako funtsa honelakoxea da: Guggenheim eta oro har masa-arrakasta fenomenoek ( diru mugimendu itzela sortuz) kultura eta artea demokratizatu omen dizkigute.

Baina, seguru hori horrela dela? Arte-munduarenganako benetako hurbilpena lortu da? Hala bedi. Ezin ditut ordea begietatik ezabatu horko erakusketen “inaugurazio-sarao”etan  telebistaz erakusten dizkiguten “txaké”, perla-koilar eta larruzko beroki garestiak. Guggenheim-en mezenas eta patroiek, kuota ordainduta, eskubidea daukate NY edo Parisen gisako hiriburu kosmopolita handi batean daudela amesteko, koktelean euren janzkirik onenak, garestienak erakusteko parada izango dute hor. Baina gauzen benetako funtsari begiratuz: 10 urteotan arteari, jendarteari, bizitzari bestela begiratzen ikasi al dute? Hori guztia “inbertsio, abagune, irabazpide” gisa ikusteari utzi al diote alegia? Ez kezkatu. Honek guztiak halaxe funtzionatzen du. Amaierarako utziko ditut idazkitxo honetan batere agertu ez arren, hasieran idatziz gero dena laburbilduko zuketen karaktere biak, oi, Leguina: “$,€”.

argazkilariaren webgunea

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button