ARTEA

Artium museoak aurtengo erakusketa-programa aurkeztu du

Artium Museoak 2023an zabalduko diren erakusketa sorta, eta garatuko duen arte-programa aurkeztu ditu. Hala, bakarkako erakusketak Alejandro Cesarco (Montevideo, 1975), Julia Spínola (Madril, 1979), Carolina Caycedo (Londres, 1978) eta Rafael Lafuente (Vitoria-Gasteiz, 1936-2005) artistei eskainiko zaizkie.

Urtarrilean abiatuko du lehen erakusketa Artium Museoak, Rafael Lafuente artistarekin, non margolari eta diseinatzaile gisa egindako ekoizpen polifazetikoa errepasatuko duen. Martxoan Alejandro Cesarcoren (Montevideo, 1975) erakusketa inauguratuko da. Erakusketak “pedagogiaren rol, ohitura eta forma desberdinak ditu ardatz, eta artistak aldi berean garatzen duen argitalpen-praktikarekin batera aurkeztuko da”.

Z aretoari lotutako erakusketa-programa ere garatuko da. Areto horretan hainbat artista eta zinemagileren proiektuak egongo dira, tartean Mirari Echavarri (Iruñea, 1988) eta Irati Gorostidi (Eguesibar, 1988), Laida Lertxundi (Bilbo, 1981), eta Naomi Rincon Gallardo (Raleigh, 1979).

Bere bildumaren kronologia berri bat aurkeztuko du museoak, 50eko hamarkadan hasiko dena, eta baita duela gutxi bilduman sartu diren Sahatsa Jauregi eta Nerea Lekuona artistekin egindako proiektu espezifikoak ere. Eta gainera, Tabakalerarekin batera ekoitzitako JAI 2023 ikerketa programa ekainean garatuko da Artium Museoan. JAI metodologia artistikoak trukatzeko eta zabaltzeko gunea da, eta Ibon Aranberrik, Asier Mendizabalek eta Itziar Okariz artistek, Oier Etxeberriak eta Catalina Lozanok osatzen dute batzordea.

2023an, museoak erakusketa-proiektuak ekoitziko ditu nazioarteko museo eta erakundeekin lankidetzan, besteak beste, Lisboako Lumiar Cité/Maumaus-ekin, Frantziako CRAC Alsace-rekin, Erresuma Batuko BALTIC Centre for Contemporary Art-ekin eta Institut Valencià d’Art Modern, IVAM-ekin.

Artium Museoak ere Esther Ferrerren (Zenbaki Lehenak, 2003, Vitoria-Gasteizko Udalak gordailuan utzia), Alberto Peralen (Time, 2006), José Ramón Aisen (Arbolado para calles, imperios y Paraísos, 2022) eta June Cresporen (Core, 2020) lanak barruko plazako gune publikoan instalatuko ditu.

Azkenik, gogoratu behar da Artium Museoak 2022ko urrian inauguratu zituen bi erakusketak 2023ko udaberrira arte egongo direla zabalik. Alde batetik, Black Place, Jutta Koetherren hainbat margolan beltz biltzen dituena. Eta bestetik, Iván Zuluetaren erakusketa, martxoaren 5era arte luzatuko dena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button