ESZENA

Gela barruko dantza intimoa

Iazko Dantza Sari Nazionala izan zen Angels Margarit dantzari eta koreografoaren, Miro #83 Solo para habitación ikuskizunak zabalduko du BAD–Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen XIII. edizioa

Gaur goizean, Miro–Bilbao Hotelean bertan egin da obraren aurkezpena, bertako 83. gelan. Espazio txiki eta intimo horren barruan, dantzari baten eboluzioak ikusi ahal izan ditugu bertaratu garenok.
Ispiluak, besaulkiak, telebistako film zuri-beltzak, leihoak, kanpoko paisaia, isiltasuna,…; osagai orok ohearen gainetik lurrera ia amultsuki jausten zen dantzariaren gorpuzkera estetikoen lekuko izan dira.


 

Hauxe izan da, urriaren 29an eta 30ean ikusi ahal izango den ikuskizunaren lagin bat, hoteleko logela horretan bertan eskainiko baita, hogei ikusle ingururen aurrean Miro #83 Solo para habitación ikuskizun zinez interesgarria. Paseak, 20 minutukoak izango dira, 19:30etik 22:00etara bitartean. Horretarako, Angels Margarit dantzari eta koreografoak, Isabel Lopez dantzaria gidatuko du eszenatokian, eta ikusleak ezusteko voyeur gisan paratuko dira gelan bertan espazioa bitan banatzen den marraren atzean.

Hoteleko gelako instalazio dantzagarria ez da izango erabat inprobisatua, denboraren parametroak urratuko dituen zenbait ezarpen fisiko baitaude bertan. Telebistaren kasua da nabarmentzekoa, elementu honek ere zenbait mugimenduren abiapuntua markatuko baitu, isiltasuna, dantzariaren bakardadea areagotuz.

Lan hau, 1989an jaio zen eta harrezkeroztik mundu osoko hirietara heldu den pieza ibiltaria bilakatu da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button