EZLEKUBAT

Euskalduntasunaren ereduak euskal musikan

“Gure autoa errepideko oztopo batean trabatu eta bertan geratzen bada, ezinbestekoa da konpontzea. Denbora luzea da gure motore izpirituala geldi dagoela. Eta beharrezkoa da motore horren funtzionamendua interpretatzea, zer hondatu den ulertzeko eta konpontzen saiatzeko, zutik, lurrean botata (egin ezin duguna eserita idazten jarraitzea da). Ez gara pieza bakoitza desmuntatzen entretenituko, sentimenduz laztantzen, jasotzeko. Ezin dugu oztopo historiko horretan geldi jarraitu, non jada hainbeste euri egin duen, hainbesteko arriskuarekin, eta non deserosoki hainbeste denbora daramagun”.
Jorge Oteiza. Quosque tandem…! 

Duela hilabete batzuk ere idatzi nuen gai beraren inguruko beste testu bat, fanzine baterako, eta beharbada orduan gauza asko behar bezala azaldu ez nituelako edo, eta denbora pasa hala gauzak argiago ikusten direlako edo, gai berari buruz idaztea pentsatu dut. Astuna ere ez dut izan nahi, gai berari buelta gehiegi emanez, eta bigarren testu motzago honekin bertan utziko dut gaia, beraz. Labur azaltzeko, ikusten dudana zera da, badela hemen, gure euskal eremu honetan, kulturako arlo batzuetan eboluzio arrunt bat eramatea oztopatu duen eta oztopatzen duen “zera” bat (ez dakit gordezalekeria deitzea zilegi ote den). Kultura esan dut, orokorrean, eta arlo batzuekiko nire ezjakintasuna aitortu behar dut hemen, antzerkian edo literaturan esaterako. Beraz, eta beste arlo batzuetan antzeko zerbait gertatzen denaren susmoak baditut ere, musikaz arituko naiz, besteetan muturra sartuta erratu nahi ez dudalako.

Aferaren abiapuntua euskal nazionalismoaren existentzian bertan dagoela esango nuke. Nazionalismo batek, gehienetan, idealizazio bat dakarrelako, neurri txikiagoan edo handiagoan: lur batena, kultura batena…, horiekiko atxikimendua, maitasuna… eta idealizazioa, azken finean. Zerbait (edozer gauza) idealizatzen dugunean, hor eredu bat sortu dugu jada, eta eredu bat sortzen dugunean, eredu horrekiko defentsa agertzea da hurrengo pausua. Eta defentsa kasu horietan erabilitako argudioek berek agerian uzten dute hauen benetako oinarririk eza: betikoa, benetakoa, jatorra, gurea… Euskal eremuaren kasuan, are gehiago puzten da arazo hau eremu txiki bat izaterakoan, hizkuntza gutxitu batekin…, galera arriskuak oraindik gehiago idealizatzen dituelako eredu horiek. Eta gatazka politiko bat ere badagoela kontutan hartuta, oraindik ere gehiago nahasten dira gauzak. 

Idealizazioa aipatu dut eta hasi gaitezen bada hortik (musikarekin zerikusi zuzenik izan gabe ere, geroago datorrena hobe ulertzeko). Ezinbestean, Aranaren lehen nazionalismo hura gogoratu behar dugu, baserria garbitasun moralaren, lanaren eta tradizioaren eredutzat hartzen zuen hura, eta beste muturrean industria, hiria eta modernitatea jartzen zituena, hain justu kontrako baloreekin. Makinen etorrerarekin, nabarmen jaisten joan zen baserriak gizartearen ekonomian zuen pisua, eta pisu hori jaitsi ahala, beste bat igotzen zen are eta gehiago:pisu sinbolikoa. Baserri mundua zen idealizatua, euskalduntasunaren eredutzat hartua, garbia, modernitatearen kutsadurarik gabea…, eta baserritarra zen kristau zintzoena ere. Hona J.J. Mogelen Peru Abarca lehen euskal eleberriko(1802) pasarte bat: “Oficio garbiagoric ta gloriaraco errazagoric ez daquin pensatu ere ote ditequean” (Jainkoak gizakia paradisutik bota zuenean eman zion ogibidea nekazaritza izan zela eta). Euskaldun fededun esapideak eta Jainkoa eta lagi zarra esaldi ezagunak ere nahikoa esaten digute euskaldun ona zein zen, esaterako, orduan erlijioak zuen pisuaz. Gauza bera mendiarekin eta eremu lauekin ere. Arturo Campionek zauri irekiekin alderatzen zituen eremu lauak, nondik Euskal Herriaren izaera odolusten zen, non bidea irekita zegoen inbasoreentzat. Horra bada, nola XIX. mendearen amaiera eta XX.aren hasiera hartan benetako euskalduntasunari buruzko eredu ideal bat sortu zen: baserria, kristautasuna, mendia. 

Baserriaren eta mendiaren idealizazioa gure pentsamoldetik erabat ezabatu ez den arren, kristau izatearenak balio oro galdu du, ez bada oso pertsona adineratuetan. Belen Altunak dio: “Egia da euskaldun fededun esapideak bere zentzu guztia galdu duela honezkero. “Euskaldun ona”ren irizpidetzat, behintzat, ez du dagoeneko batere zentzurik. Gaur egun “abertzalea” izateak osatzen baitu irizpide goren hori (Jon Sudupek ere azpimarratzen duen moduan). Fededun/Ez fededun bereizketak garrantzi soziala galdu du erabat, eta baita baserritar/kaletar dikotomiak ere; horien ordez badirudi abertzale/ez abertzale eta Euskal Herria/Espainia aurkezten direla orain zatiketa erabakigarritzat.” 

Gure XXI. mende honetan, beraz, belaunaldi berriagoentzat aldatu egin da euskaldun ona-ren eredua: nazionalismoak betetzen du kristautasunak betetzen zuen lekua, eta beste erreferente garrantzitsu bat agertu da: 80. hamarkada eta orduko mugimendua: RRVa, gaztetxeak, etab. Eta hemen agertzen zaigu musikaren gaia.Hasieratan, inguru nazionalistetatik kritikatua izan zen oso RRV deituriko hura: arrotza zela, kanpotikoa… Baina, halako batean, hain balore anti-euskaldunak izatetik, bestemuturrera igaro zen, onartua izatera eta balore euskaldunak izatera alegia, ezker abertzaleak mugimendu berri hura bere mesedetan erabili zuenean. Josu Zabalaren hitzetan, “hasiera batean kasurik egin ez zigun ezker abertzaleak mugimendu berri honen indarraz jabetuta “Martxa eta Borroka” kanpaina antolatu zuen”. Asko baitira gaur egun, RRVak ekarritako giro hura euskalduntzat hartzen dutenak, lehenago ikusi ditugun argudioekin: betikoa, benetakoa, jatorra, gurea… Hala esan badaiteke, euskal folklore berria da. Ez dago edozein herritako jaietako txosnetara hurbiltzea besterik nirearen antzeko inpresioak izateko.  

80. hamarkadatik, euskal eremuan agertutako musika talde eta proiektu berrien ehuneko zati oso handi bat punk, reggae, rock, metal (RRVaren itzalagatik hauek) edo folka eta kantautoretza egitera mugatu dira (RRVaren aurretiko Ez dok hamairuren inguruko kantagintzaren eraginez). Eta portzentaia hori askoz ere gehiago igoko litzateke euskaraz egiten dutenak bakarrik hartuko bagenitu. Honek bide ematen digu esateko (gizartearen zatiketa eta estereotipazioa dela medio), hain juxtu eskema horietatik gehien atera diren eta euskal eremuan egindako musikara aniztasun gehien ekarri duen jendea nazionalista ez liratekeenak direla (salbuespenak salbuespen, jakina). Euskalduntasunaren eredu bat egon badago, euskal musika sorkuntzaren kaltetan eragiten duena, inmobilismora eramanaz. Eredu horrek pisu handia eragiten du nazionalista direnen artean, eta ez direnen artean ez, askatasun gehiago eta atzetik aurreiritzi gutxiago dituztelarik hauek horrela. Hasieran esan bezala, nazionalismo batek (euskal nazionalismoaren kasuan behintzat hala da), idealizazio bat dakarrelako, idealizazioak eredua, ereduak defentsa eta defentsak inmobilismoa. 

Gatazka politikoak eta honek dakartzan mamu guztiek (gizartearen zatiketa eta estereotipazioa, euskal kulturaren politizazioa…) bere horretan dirauten bitartean oso zaila izango bada ere, eredu horiek gainditzeak behar luke hurrengo helburua. Modu horretara, hainbeste aurreiritzirik gabe, musika sorkuntza osasuntsuago eta anitzago bat lortu ahal izateko, euskarari merezi duen protagonismoa emanaz. Bestalde, eta hau da artikulu honetatik zeharka bada ere atera dezakegun beste ondorio bat, euskaraz hitz egiten duena da euskalduna, eta horrek izan beharko luke, egotekotan, beharko lukeen balizko ideal bakarra. Hortik kanpo ezarri nahi izango diren baldintza eta sailkatze oro euskal kulturaren osasun onaren kaltetan izango dira, denak.

Tüsüri, musikaria

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu