MUSIKA

Euskal duetoak Bilbo-Hiria irratiaren 20. urteurrena ospatzeko

Bilboko Kafe Antzokian kokatzen den Bilbo-Hiria irratiak 20 urte bete ditu aurten, eta data berezi horrekin batera, disko-bilduma kuriosoa plazaratu du, 20 urtez euskal taupada izenburupean. Izan ere, diskoak urteurrenerako propio idatzi eta grabatutako zortzi kantu biltzen ditu, gehienak dueto moduan jasoak. Partaideen artean, euskal musikako panoramarako izen garrantzitsuak daude: Anje Duhalde, Zea Mays, Cris Lizarraga (Belako), JP Lohian, Txuma Murugarren, Aire ahizpak, Ruper Ordorika, Xabi Burruzaga…

Diskoa Anje Duhalde eta Aire Ahizpek zabaltzen dute, Ama Euskal Herria doinuarekin; folk kutsuko doinua da, Ahizpen ahots gozoekin jantzia eta Xalbadorren hitzekin osatua. Bigarren kantua ere folk kutsua erakusten du, baina pop epikorako joerarekin: Mikel Urdangarinek eta Izarok grabatutako Egun argian. Izaroren ahotsa ikusgarri tenkatzen da Urdangariren tonu altuen artetik.

Hirugarren kantua, diskoan bildutako harribitxietako bat da, Ruper Ordorikak eta Rory McLeod-ek egindako Ez da posible kantu ezagunaren bertsio gordina, blues kutsukoa, armonikak bultzatua.

Laugarren kantua Zea Mays eta Belakoko Cris Lizarragaren arteko elkarlana da. 2007an Zea Mays taldeak grabatutako Hondarretik Ondarroara kantuaren bertsioa, jatorrizkoa baina post-punk zaleagoa, ilunagoa eta dantzagarriagoa, Crisen ahots iradokitzailearen ekarpenarekin, zeina bikain uztartzen den Aioraren manerekin.

Bosgarren doinua diskoaren gailurra da, Txuma Murugarrenek, Pettik eta Rafa Ruedak grabatutako Nick Caveren Babe, I’m on fire kantuaren moldaketa bikaina, Sutan nago. Txumaren ahotsarekin hasten da kantua, gogotsu eta amorratu, baina kantuaren bigarren zatian Pettiren ahots sakona azaleratzen da zingirako piztia izango balitz bezala, eta gitarren lana basatia da. Euskarazko hitzak ezin hobe txertatu dira, eta horrek guztiak moldaketa biribila egiten du.

Seigarren kantuan Hedoi Etxarteren biolinak apaindutako trap politikoa da, Maisha MC-ren aldarri sozialistak zabaltzeko. Zazpigarrena, Washington hiriko Dischord zigilu independenteak  1990eko hamarkadan plazaratutako Jawbox taldearen Savory kantu ezagunaren moldaketa da, PILT eta JP Lohianen eskutik. Irratiko langileen ahotsekin eta Xabi Aburruzagaren musikariaren instrumentuekin ondutako Gora Gu eta Gutarrak kantuarekin amaitzen da diskoa; musika Josu Zabalarena da.

Amaitzeko, kantu gehienak Xanpe teknikariak grabatu ditu eta Josu Zabala, halaber, koordinazioan aritu da. Diskoa, datorren asteartean aurkeztuko dute Bilboko Kafe Antzokian, 19:30etik aurrera. Zorionak Bilbo Hiria irratia, laster beste 20 urte beteko dituzue-eta!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button