LITERATURA

“Munduko Poesia Kaierak” bildumako hiru antologia berri

Gaur, Donostiako Kaxildan, Munduko Poesia Kaierak bildumako hiru antologia berri aurkeztuko ditu Beñat Sarasolak. Euskaratu diren autoreak Anne Sexton, Sophia de Mello eta Gabriel Ferrater izan dira.

Susa argitaletxearen bulkadaz sorturiko Munduko Poesia Kaierak proiektua aurrera doa, eta hala, gaur hiru liburu berri agertu dira, bildumaren barruan: Munduko Poesia Kaierak bildumako 7 eta 8 eta 9 zenbakiak Anne Sexton, Sophia de Mello eta Gabriel Ferrater idazleen antologiak izango dira.

Anne Sexton Harkaitz Canok euskaratu du, Sophia de Mello Iñigo Roquek eta Gabriel Ferrater idazle kataluniarraren lanak Aritz Galarragak jarri ditu gure hizkuntzan.

Proiektu honen sorburuaz hauxe esan zuen Beñatek: “Egitasmoa Susa argitaletxearen barruan zegoen inoiz egin beharko ditugun proiektuak kaxoian-edo. Sorburua, nolabait, Koldo Izagirrek apailaturiko XX. mendeko poesia kaierak bilduman dago. Hura osatu bitartean sortu omen zen Euskal Herritik kanpoko poeta esanguratsuen antologiez osatutako bilduma bat egiteko asmoa. Urtetan egon da proiektua, beraz, asmo onen zerrendan, harik eta pixkanaka gorpuztuz joan eta azken hilabeteetako eginahalari esker (lantaldearena zein, batez ere, itzultzaileena) egitasmoa behingoz plazaratu dugun arte. Hutsunea nabarmena da, urtero zenbat poesia itzulpen argitaratzen diren begiratu besterik ez dago. Zorionez, ordea, azkenaldian argitaletxe txiki batzuk abiatu dira poesia itzultzeko eginahalean modu erdi kamikazean –Denonartean, Meettok–, eta kamikaze izaera horren baitan ulertu behar da honako hau ere, nolabait”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button