IKUS-ENTZUN

“Ataun Of The Dead” filmaren bigarren zatia

Joxean´S Hil Eben izenburuarekin izendatu du Katihotsak Logia kultur elkarteak Ataun Of The Dead film odoltsuaren bigarren zatia. Filmaren estreinaldia gaur, urtarrilak 17, egingo dute Hernaniko Biteri Kultur Etxean, 20:30ean.

Horrekin batera, beste hiru emanaldi ere iragarri dituzte: otsailak 1ean, Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan; otsailak 14an, Bergarako Gaztetxean; eta, amaitzeko, martxoak 21ean, Donostiako Guardetxean.

Zonbi karlistak eta banpiro jeltzaleak dira bigarren zati honetako protagonistak: “Zumalakarregi berpiztu ondoren, Jon Tomas eta Josu-Jon Tomas (Ataun Of The Dead-eko bi zientzialari karlistak), XlX. mendean hildako soldadu karlistak lurpetik atera eta berpizten hasten dira. Zonbi plaga honek Par­tidu Nazionalista Banpiroko kideen nagusigo politikoa eta biziraupena kolokan jarriko ditu, eta kinka honetatik ateratzeko modurik onena Agirre lehendakaria esnatzea dela erabakiko dute”.

Filma ekoitzi duen Katihotsak kultur elkarteari dagokionez, ondokoa aldarrikatzen dute euren webgunean: “Munduan egiten den ekoizpen kulturalaren %93a zaborra besterik ez omen da. Euskal Herriko ekoizpen kulturalean berriz, egiten denaren %99a omen da zaborra. Geroz eta gehiago sortu, orduan eta aukera gehiago egongo dira Sublimeak diren gauzak sor daitezen gure herrian. Gu zabor hori sortzera gatoz”.

Joxean´S Hil Eben lanaren aurrekaria den Ataun Of The Dead filmari dagokionez, Ataunen grabatu zen, eta Xabier Padinek eta Beñat Iturriozek zuzendu. Lan horretan karlistak, Idiazabalgo gazta eta zonbiak nahasten dira.

Adi, Xabierrek eta Beñatek trilogiaren hirugarren zatia ere diseinatuta baitaukate: “Zumalakarregi Nabarraldeko momien eta eurek berpizturiko Antso Nagusi momifikatuaren aurka borrokatuko da”.

Filma zure herrian proiektatu nahi izanez gero: katihotsak.com.

Honatx trailerra:

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button