MUSIKA

Badatoz euskal musikarien lan berriak

Euskal musikari askok prest dituzte euren lanak abenduan egingo den Durangoko Azokari begira; tartean, Petti, Joseba Irazoki, Libe, Jon Gurrutxaga eta Tania De Sousa.

Zuloak taldearekin egindako ibilbidea eta gero, Tania De Sousa abeslari donostiarrak bakarkako bideari ekin dio. Hala, laster aurkeztuko duen Tania Tank (Talka Records) grabazioan, aurreko egitasmoko rock klasikoa baztertu, eta pop-rock garaikidea jorratu du. Irailaren 27an Irungo Rock Festival jaialdian joko du.

Berako Joseba Irazoki eta Pettik ere disko berriak aurkeztuko dituzte, aurki. Irazokik Euria ari du lan bikainaren jarraipena plazaratuko du Bidehuts markapean. Nafarrak banda sendo baten laguntzarekin ondu du lan berria: Felix Buff (Willis Drummond), Rober eta Iñigo Cabezafuego (Atom Rhumba), Iban Urizar eta Jaime Nieto.

Cabezafuegok ere bakarkako estreinako lana argitaratu berri du: Camina Conmigo (Folc Records).
Pettik, halaber, bost kantuz osatutako Astirtitan izenburuko lana kaleratu du, bere kabuz, zazpi urte eta gero.

Libe García de Cortázar (Libe) ibilbide luzeko musikaria da, izan ere, egun, Izaki Gardenak taldean teklatua jotzen du. Aurretik, Neubat, Ekon eta Sorkun taldeetan ere aritu zen. Ihesaldi Handia (Bonberene Ekintzak) diskoan bere doinu propioak jaso ditu Libek, eta kantuok lantzeko Joseba Ponce (Dut, Lisabö, Kuraia) musikariaren laguntza izan du. Diskoa, halaber, Karlos Osinagarekin grabatu du, eta grabazio saioetan, Atxus baxu-jotzailea (Neubat, Sorkun, Vicepresidentes), Txus Villalabeitia (Same Old, Eh!) gitarra-jotzailea eta Eneko de Arza (Naüt, Trumbo) bateria-jotzailea izan ditu lagun. Emaitza, rock ilunez bustiriko lan malenkoniatsu bezain sendoa da.

Maialen Errotabehere (Biluzik), Morau (Arrainentzako himnoak), Jon Gurrutxaga (Hitz lauz) edo Markos Untzeta (Seinaleak) ere disko berriekin azalduko zaizkigu udazkenarekin batera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button