IKUS-ENTZUN

Euskarazko zinema zikloa abian da Getarian

Igandero, Getarian, otsailaren 18tik martxoaren 10era bitartean, euskarazko film bat ikusteko parada egongo da. Piezak honako hauek izango dira: Bi arnas (Jon Mikel Fernandez Elorz, 2022), Bidasoa 2018-2023 (Fermin Muguruza, 2023), Bizkarsoro (Josu Martinez, 2023) eta Ama ta asunak (June Baonza, 2022).

Hortaz, igande honetan, Bi arnas lana pantailaratuko dute. Istorio honetan bi arnasketa kontatzen dira: Iratxe Sorzabalena eta Mari Nieves Diazena, Iratxeren amarena. Biek, bakoitzak bere erara, torturak eragiten duen arnasarik eza jasan dute, beste sufrimendu askorekin batera. Torturari buruzko testigantza da Bi arnas, inoiz eskaini ez den injustizia eta elkarrizketaren isla. Horiez gain, bestelako ahotsak ere bildu dira lanean: Nekane Txapartegi, Paco Etxeberria auzi medikua, eta Serge Portelli magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailea.

Otsailaren 25ean, Bidasoa 2018-2023 dokumentala pantailaratuko dute, ibaiaren alde bietan ematen diren migrazio mugimenduen gaineko hausnarketa azaleratzen duena.

Martxoaren 3an, Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro filma ikusteko parada egongo da. Existitzen ez den herri batean, bost istorio erreal, 1914tik 1982ra gertatuak, ahozko lekukotzetan eta idazleen testuetan oinarrituak. Haietan barna, XX. mendean zehar Ipar Euskal Herriko herri ttipi batek bizitako aldaketa sozialak agerian gelditzen dira. Hizkuntza baten erroizte eta hurrentzea. Eta bizirik irauteko borroka.
Istorio hori Euskal Herriko edozein herritan gerta zitekeen. Bizkarsoro asko izan baitira. Bertan agertzen diren pertsonak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak

Azkenik, June Baonzaren Ama ta asuna dokumentala emango dute martxoaren 10ean, amatasuna ardatz duten sei esperientzia jasotzen dituen lana.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button