ARTEA

Elssie Ansareok “El observatorio” artista-liburua plazaratu du

Elssie Ansareok (Mexiko DF, 1979) El observatorio izeneko artista-liburua aurkeztuko du ekainaren 7an Bilboko Maiatzaren 2ko kalean dagoen Cultton lokalean, 19:30ean. Liburua Bizkaiko hiriburuan egoitza duen Consonni ekoizpen etxeak plazaratu du Beste atalaren barruan, eta 350 ale argitaratu ditu. Liburuan euskarazko eta gaztelaniazko testuak biltzen dira.

Liburua bi zatitan banatzen da: batetik, histeriarekin lotutako terminoen glosarioa, zeinak Deustuko Unibertsitateko kide den Imanol Amayra psikologoarekin izandako elkarrizketetan duen jatorri; eta bestetik, artxibo fotografikoa.

Bestalde, El observatorio ekainaren 7a bitarte Bilbaoarte zentroan ikusgai dagoen argazki erakusketa ere bada. Artistaren esanetan, bere lana eszenaren eta ikuslearen arteko hausnarketan mugitzen da joera barrokoa eta teatrala duten irudien bitartez, ikuslea artega jartzeko asmoz.

Erakusketa honetan, baina, ikuslearen tentsioarekin lotutako kontuak baztertu eta obran bertan ardaztu du erakusketa. Horrela, sentsazio hori irudira eraman du alde formalenaren bidez: tentsioan dauden zenbait gorputz ageri dira, XIX. mendeko patologia femenino nagusitik atera dituenak, alegia, histeriatik, “vademecum baten storyboard-a osatuko balute bezala”.

Hala, keinu bera egiten duten gizonen argazkiak egin ditu Ansareok: histeriaren arku ezaguna. Horretaz gainera, erakusketa modeloek emandako objektuekin osatu du. “Lan hau gizabanakoak islatu, psikosomatizatu, eta irudikatzen duen minaren eremuan mugitzen da”. Irudi horiekin batera, beira-arasak ere jarri ditu erakusketan. Beira-arasa horiek natur zientzien kutsua gehitzen diote erakusketari.

Ansareo Arte Ederretan lizentziatua da UPV/EHUn, non Doktoretza ikasketak egin zituen Irudi Teknologikoaren alorrean; hainbat beka eta sari jaso ditu bere ibilbidean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button