EZLEKUBAT

“Muskaria”, 80ko hamarkadako musika aldizkari aitzindaria bueltan da

Portugaleteko Pablo Salgadok zuzentzen duen Banizu Nizuke elkarteak 80ko hamarkadan argitaratua izan zen Muskaria musika aldizkariaren ale guztiak berrargitaratu ditu. Bilduman aldizkariaren 30 aleak jaso ditu, jatorrizko formatuan. Horretaz gain, argitalpenean idatzi zuen kazetari taldeak eginiko 31. alea idatzi dute eta berrargitalpenari gehituko zaio.

Ale guztiak kutxa batean merkaturatuko dira eta eskuragarri izango da Durangoko Disko eta Liburu Azokan. Roge Blasco kazetariak gidatu zuen argitalpena aitzindaria izan zen Euskal Herrian sortzen zegoen prentsa musikalean. “Muskaria-ren ekarpena, gehienbat, musikari buruzko informazioa eskaintzea izan zen: auzoan egiten zen musika, institutuetako lehiaketetan, lehenengo jaialdietan, tokiko taldeetan, euskaraz egiten zen musikaren gainekoa… hau da, musika gertuenaren gaineko informazioa. Horrez gain, nazioarteko kontzertuez eta atzerriko talde handiez ere informatzen zuen”, esan du Salgadok.

Banizu Nizuke elkarteak aurretik beste egitasmo bat Portu Sound izeneko egitasmo editoriala gauzatu zuen. Argitalpen horrek Portugaleteko musika modernoaren historia jasotzen duen liburua argitaratu berri du. Liburuak 40 urteko historia jasotzen du eta bost ataletan banatuta dago. Hala, lehenengo atalean Portugaleteko mugimendu musikalaren bilakaera jasotzen da (1962 eta 2009 bitartean); bigarrenen eta hirugarrenean herriko taldeak aztertzen dira banan banan, gainera, horiekin harremana izan duten beste banda batzuk ere aipatzen dira, tartean, Zarama, Eskorbuto, Dinamita Pa Los Pollos edo Los Fitipaldis.

Portugaleteko rock musikaren historia biltzen duen liburu horretan dago, hain zuzen, Muskaria berrargitaratzean abiapuntua. “Portu Sound egitasmoa egiteko informazioa bilatzen hasi ginenean, aldizkariarekin egin genuen topo. Nik ez nuen ezagutzen, hogeita piku urte ditut eta ez nuen dendetan ezagutu, bere berri izan arren. Muskaria-tik 80ko hamarkadan Portugaleten izan ziren taldeei buruzko informazio asko atera genuen, baina zaila zen aldizkaria eskuratzea; hau da, bilduma ez dago liburutegietan, beraz, partikularrek utzi zizkiguten zenbait ale solte soilik kontsultatu ahal izan genituen. Hortik sortu zen egitasmo berria abiatzeko ideia”.

Muskaria, 80ko hamarkadan Euskal Herrian izan zen musika eztandaren bozgorailua izan zen. Bertan bildu zen oraindik gure gizartean ikaragarrizko eragina duen uholde musikal guzti haren xehetasun gzutiak. “Ordura arte inolako argitalpenetan agertzeko aukerarik ez zuen musikarien bozgorailu bihurtu zen aldizkaria. Argitalpena egiten zutenek harreman zuzena zeukaten musikariekin. Zenbait musikarik, gainera, tartean, Roberto Moso, Iosu Eskorbuto, Jimi Tijuana, Niko MCD, Iñigo Muguruza, eta Baxter argitalpenean parte hartu zuten uneren batean, idazle, marrazkilari edo argazkilari gisa”.

Salgadok 1.000 aleko argitalpen bakarra egingo du. “Seguruenik ez da bigarren bat izango, baraz, nahi duen orori lotan ez gelditzeko gomendatzen diogu eta lehenbailehen erosteko, bilduma gabe gelditu baitaiteke”. Banaketa puntu nagusia elkartea izango da (www.banizunizuke.com; banizunizuke@hotmail.com). “Dena dela, Bilboko Gatazkan, Donostiako FNAC dendan eta Elkar dendetan ere erosi ahal izango da”.
Pablok berrargitalpen interesgarri honetan gehitu duen ale berriaren harira galdetu diogu: “Bildumari 31. zenbaki berezia gehituko diogu, non Muskaria-ko kazetariek aldizkariak 80ko hamarkadan zer eman zuen aztertuko duten. Horrez gain, musika-euskarriek ere nola eboluzionatu duten gaurdaino jorratuko dute, besteak beste, anekdotaren bat ere kontatuko dute, eta abar. Egia esan, benetako luxua da lantalde hau berriro bildu izana, euskal musika-kazetaritzako elitea baitira”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button