IKUS-ENTZUN

Gaur hasiko da Bilboko Zinemaldi Fantastikoa

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoak (FANT) maiatzaren 7tik 16ra bitartean ospatuko du bere 27. edizioa.

Gaurko ekitaldia Campos Eliseos antzokian izango da, 18:30ean hasita, eta bertan, Goya sarien edizioan 15 kandidatura lortu zituen Ilargi Guztiak. Todas las lunas filmaren estreinaldia programatu da. Igor Legarreta zuzendaria izan da, eta Josean Bengoetxea, Itziar Ituño eta Zorion Eguileor protagonistak izan dira euskarazko film horretan.

Gala horretan ere Fantrobia saria eta Ohorezko FANT Saria banatuko dira. Lehena, Lluís Quilezentzat izango da, zuzendari, gidoilari eta errealizadore bartzelonarrarentzat; bigarrena, Jaume Balaguerórentzat. Biak joango dira galara sariak jasotzera. Ekitaldiaren amaieran, Anything for Jackson Justin G. Dycken filma pantailaratuko da.

Maiatzaren 16ra arte luzatuko den zinemaldiak 73 proiekzio, mundu mailako estreinaldi bat, Europako hiru eta Estatuko zortzi estreinaldi programatu ditu. FANT Laburrean 31 lan proiektatuko dira, horietatik 11 euskal errealizadoreenak. Halaber, epaimahaiak beste bi sari emango ditu: Film labur Onena eta Euskal Film labur Onena eta.

Filmez gain bestelako jarduerez ere gozatu ahal izango du publikoak, eta horretarako, Dracula omentzeko erakusketa bat aurkeztu da; masterclass bat antolatu da efektu berezietan aditua den Gorka Agirrerekin; Santiago Aguilarren Operación Torremolinos. El cine español de superagentes (1965-1967) liburuaren aurkezpena egingo da; eta sari ugari jaso dituen Akelarre filmaren unibertsoarekin topaketa bat izango da Nerea Torrijos, Aranzazu Calleja eta Maite Arroitajauregiren eskutik.

Maiatzaren 14an emango da ezagutzera Zinemaldiko Palmaresa. Saritutako tituluak bi saio berezitan gozatu ahal izango dira: hilaren 16an (igandea) eta 20an (osteguna), Golem-Alhondiga zinemetan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button