IKUS-ENTZUN

Animabasauri Jaialdiaren VII. edizioa prest

Apirilaren 1etik 7ra bitartean gauzatuko da Bizkaiko Basauri herrian Animabasauri-Animabasque Jaialdiaren 7. edizioa. Zine eta animazioa ardatz nagusi dituen jaialdiaren aurkezpena, gaur goizean egin dute Bilbon. Bertan, Loly de Juan, Basauriko alkatea, Jon Iñaki Zarraga, Bizkaiko Diputazioaren Kultura zuzendaria eta Maria Jesus Diez, Animabasauriko zuzendaria izan dira.

Zazpigarren edizioa da aurtengoa, eta horixe nabarmendu du Basauriko alkateak, “zazpi urtetan handitu den umea da gure zinemaldia, krisialdi ekonomikoa gorabehera, egonkortu dena eta horretan jarraitzeko ahalegin handia egin duena”.

Betiko legez zinema, tailer, hitzaldi, erakusketa eta bestelako ekimenez beterik etorriko da Animabasauri-Animabasque Jaialdia.
Ohi bezala, sail hauekin gozatu ahalko da: animaziozko mota guztietako film luzeak eta laburrak, Karratu (laburrak DVDn), umeentzako zinema, telebistako sailak, Cartoon d´Or, European Cinema School Rreetrospective, Goya Sariak 2010, Animazioa Ikasgeletan,…
Hauek guztiak ikusi ahalko dira Guggenheim Museoan, FNACen, EHUn edota berrituriko Basauriko Social aretoan.

Tim Burton izango da atzera begirakoaren protagonista, eta urtero egiten den legez, herri bat gonbidatu egiten da honetara. Aurten etorriko den herria Italia izango da. Hala, herri horretako lan aukeraketa galanta ikusi ahalko da jaialdian, bertan animazioa zelan garatu den ikusi ahal izateko.
Gozilla eta Barton Films entitateek antolaturiko Animabasauri-Animabasque Jaialdia halabeharrezko hitzordua izango da zinema gustuko baduzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button