LITERATURA

Bisibilitatea ardatz duten ipuinak

 

Lutxo Egiak Txakur Ingelesak narrazio-bilduma plazaratu du Susa argitaletxearen eskutik. Bilbotarrak gau aurkeztu du Donostian bisibilitatearen inguruan ardazturiko hamar ipuinak.

Egiaren hitzetan, “gaiari dagokionez nagusitu da gai orokor bat, eta da gaur egun bisibilitatea ezaugarri garrantzitsu bat dela, posmodernidadea deitu ahal dugun honetan ezagugarria, posmodernidadearen ezaugarria”.

Izan ere, idazlearen aburuz, gaur egungo gizartea “bisualizatzeko borroka latz eta gordina da”. Hala, aro digitalaren garaiotan, sare sozialen bidez agertzen garela nabarmendu du. “Espazio publiko fisikoan gutxi erakusten dugu”.

Horrela, ipuin hauek betetzen dituzten protagonistak desagertu nahi duten pertsonaiak dira, edo desagertuta daudenak; ikusi bai, baina agertzen ez diren pertsonaiak, eta alderantziz. Krisian dauden pertsonak desagerrarazten dituzten kontrabiografoak; bere burua taldetik kanpo ikusi nahi duen futbolaria; edo argazkietan agertu, baina bizitza errealean ikusterik ez dagoen irlandarra dira, besteak beste, orri hauetatik, nora ezean, dabiltzan protagonistak. “Ipuin gehienetan pertsonaiek badauzkate ezaugarri komun batzuk. Oso ertzeko pertsonaiak dira, amildegi ertzekoak dira, bizitzaren trapezistak”.

Estiloari eta egiturari dagokienez, askotariko lana egiten saiatu da Lutxo: “ipuin guztiak ezberdinak dira”. Ipuingintzaren harira, literatura-ariketa iruditu zaiola nabarmendu du. “Era berean, ipuinak idaztea literatura-ariketa begitandu zait, eta zentzu horretan, idatzi ahala, forma-batasuna apurtzeko beharra ikusi dut”. Hala, ipuin batzuk amaiera itxia dute; beste batzuk, berriz, itxia. Zehaztasun handiarekin idatzitako kontakizunak dira Egiarenak, eta haien atzean literatur-lan handia dagoela sumatzen da, baita gaur egungo gizartearen erradiografia literarioa egiteko ausardia. Finean, literatur-ariketa zorrotza da Txakur Ingelesak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button