MUSIKA

Bime jaialdiak Bizkaiko talde berriak sustatzeko egitaraua ondu du

Udazkenean, Bilbon eta Barakaldon egin ohi den Bime jaialdiak Heineken Volume Up izenburuko egitaraua ondu du, Bizkaiko talde gazteak bultzatzeko asmoz. Egitarau horren baitan, zortzi hitzordu programatu dituzte, urrira bitarte, eta Bizkaiko zortzi taldek parte hartuko dute egitasmoan.

Hala, hil honetan, hiru zita musikal izango dira: 21ean, Rrucculla, Stage Live aretoan; 28an, Marban eta Guadalupe Plata, Santana 27n; eta uztailaren 5ean, Cavaliere, Shake lokalean.

Udan, ez da emanaldirik izango, baina irailean beste lau kontzertu egingo dira: 6an, Lukiek; 13an, Hakima Flissi; 20an, Nazca; eta 27an, Unclose. Azkenik, urriaren 4an, Cecilia Payne taldeak joko du. Irail eta urriko kontzertuen aretoak zehazteke daude.

Proiektuaren bigarren zatian, taldeentzako coaching programa espezifiko bat izango da, zeina Bime Pro musikako profesionalen nazioarteko kongresuan amaituko den.

Hirugarren eta azken fasea hauxe izango da: egitasmoan parte hartu duten bi taldek Bime jaialdian jotzeko aukera izango dute, besteak beste, Aphex Twin, Editors, MGMT eta Slowdive taldeekin. Jaialdia urriaren 25, 26 eta 27an egingo da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button