IKUS-ENTZUN

Miranda Pennellen “The Host” filmak irabazi du Punto de Vista jaialdiko sari nagusia

Miranda Pennell zinegileak zuzendutako The Host filmak irabazi du Punto de Vista jaialdiko Film Onenaren Sari Nagusia. La Deuxieme Nuit lana filmatu duen Eric Pauwelsek zuzendari onenarena jaso du, eta Ismail Bahriren Foyer-ek film labur onenarena.

Miranda Pennellek 10.000 euroko saria jaso du The Host lanagatik. Epaimahaiaren aburuz, filmak ahalmen handia dauka esparru pertsonaleko zine-bidaia esparru politikora eramateko. Horretaz gainera, kolonia-historia bat ikertzen du, zeinaren ondorioak egun ere indarrean dauden. “Bere zorroztasun formalagatik eta artxiboko materialaren erabileragatik, bultzada handia irudikatzen du zine garaikidean”.

Pennell britainiarrak filmatutako The Host lanak zinegilearen gurasoen iraganean ikertzen du entsegu-zinearen ezaugarriei jarraituz; gurasoak British Petroleum konpainiako langileak izan ziren Iranen. Hala, “ikerlanak herrialdearen beste aldea erakusten du, eta nazioarteko salaketa handi baten itxura hartzen du”.

Zinegileak norberaren historia eta historia politikoaren arteko mugak gainditzen ditu. “Irudiaren atzeko aldera begiratzera behartzen du, aurkitzen dituen argazki eta eskaneatutako objektuen ifrentzua azaltzeko, azkenik, bere burua aurkitzeko, orain bai, historia intimo eta ofizialaren arteko distantzia posiblerik gabe”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button