LITERATURA

“Bilbaopoesia” jardunaldietan “hausturak” ardatz

Bilbaopoesia ekimenak  hogei poeta inguru elkartuko ditu eta interneten eta teknologia berrien inguruan sortu den poesia berrian zentratuko da, datorren astetik aurrera, bederatzi egunez.

Datorren astelehenean, urriaren 16an hasiko den ekimenaren programazioak musika, errezitaldiak eta egile garrantzitsuekin topaketak jasotzen ditu. Hala, Hausturak / Rupturas izenburupean, “nolabaiteko literatur haustura eragin duten hogei egile inguru elkartuko ditu, eta interneten inguruan sortutako poeta belaunaldi berrian zentratuko da”.
Bederatzi egunetan, besteak beste, Pott Bandaren ordezkariak (Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Joxemari Iturralde eta Bakedano) bilduko dira Bidebarrietako Liburutegian.
Gabriel Arestiren Egunaren ospakizuna ez da faltako. Gabriel Aresti adiskideen begietan topaketa programatu da Josu Torre, Angel Zelaieta, Karmelo Landa edo Asier Amezagarekin, besteak beste.

Beste ekimen batzuk honakoak izango dira: Ignacio Fornés (Nach ezizenez) rapero, poeta, idazle, soziologo eta aktorea izango da Bilbon. Hambriento izeneko bere azken liburuko poemak errezitatuko ditu. Kirmen Uribe, Elvira Sastre eta Raquel Lanseros ere bertan izango dira euren poemak errezitatzeko. Urriaren 19an, poesiaren panoraman garrantzia hartzen ari diren zenbait ahots elkartuko dira errezitaldi batean: Garazi Ugalde, Marta Lopez Vilar, Rodrigo Olay, Martha Asuncion Alonso eta Constantino Molina.
Urriaren 20an, gazteenen artean ospe handia lortu duten egileentzako lekua izango da. Batzuk Internet barruan sortu dira, blog pertsonaletan, eta horietatik euren poemak sare sozialen bitartez konpartitzen dituzte. Topaketak Miguel Gane, Loreto Sesma, María Leach eta Escandar Algeet elkartuko ditu. “Kasu guztietan haustura erakutsi dute poesiarekin, ez maila formalean bakarrik, baita gaiei, transmititzeko moduari eta ikus-entzuleekin izan beharreko harreman arauei dagokienez ere”.
Programazioa Kroke talde poloniar ezagunaren kontzertuarekin osatuko da, urriaren 21ean.

Egileei buruzko informazioa, ordutegia eta abar, hemen duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button