LITERATURA

“Bilbao Poesia” Literatur Jaialdiaren XXI. edizioa datorren astean abiatuko da

Bilbok poesiarekin duen urteroko hitzordua martxoaren 9tik 18ra bitartean izango da aurten, eta hala, Bidebarrietako Liburutegian, estilo eta ahots inspiratzailea duten poeten habia bilakatuko da. Aurtengo  irakurraldiak  naturaren ingurukoak izango dira, natura betidanik poesiaren ardatzetako bat eta poeta askok erabil duten elementua izan baita. Guztira 27 egileek hartuko dute parte jaialdi honetan, bi kontzertu egingo dira, eta Blas de Otero eguna ere ospatuko dute.

Hitzordu interesgarriak ondu dituzte aurten Bilbao Poesia XXI. Literatur Jaialdiaren programazioaren baitan, eta horietariko bat lehen egunean gauzatuko da. Poesia Sari Nazionala duten hiru emakumeen errezitaldi batekin hasiko  baita ekimena, martxoaren 9an: Angeles Mora, Pilar Pallarés eta Antonia Vicens-en eskutik. Errezitaldia Joserra Senperena piano-jole donostiarrarekin batera egingo dute. Hiru egileek ibilbide sendoko idazleak dira eta hirurak molde ezberdinetan idazten dute, andaluziarra, galiziarra eta balearra baitira.  Errezitaldia gaztelaniaz zein jatorrizko hizkuntzan burutuko dute.

Jaialdiak hamar eguneko iraupenean,  poesia klasikoa eta garaikidea izango du oinarri, autore hasiberri eta sendotuen bidez. Adibide bat jartzearren, martxoaren 10ean, poeta belaunaldi berri bateko sei egilek hartuko dute parte: Madrilgo Mercedes Cebrián, Andaluziako Sara Herrera Peralta eta Maria Sanchez, Ismael Ramos galiziarra eta Aitor Francos bilbotarra. Azken honek sari askoren jabe da, bai eta idazle porrokatua ere, argitalpenen zerrenda luzea baitu.

Are gazteagoak dira poesia-panoraman nabarmentzen hasi diren honako ahotsak: Cesar Brandon, Redry eta Loreto Sesma. Euren egiteko modua definiturik dator duten gaztetasun eta teknologia berrien erabilerarengatik. Guztiak sare sozialetan aritzen dira maiz, lerro poetikoak zabaltzen, eta horrek sekulako arrakasta eman die. Martxoaren 13an arituko dira.

Parte hartuko duten beste izen garrantzitsu batzuk honakoak dituzue:  Juan Carlos Mestre, Isla Correyero, Maribel Andres, Andres Neuman, Aurora Velez, Karmelo Iribarren, Nuria Barrios,  Francisco Ferrer Lerín, Chantal Maillard, edota Erich Hackl.

Martxoaren 15ean Bilbao Poesiak Blas de Otero poeta omenduko du modu berezian. Emilio Gutierrez Caba aktore famatuak poetaren testu batzuk irakurriko ditu, Cecilia Lavilla Berganza sopranoarekin eta Miguel Ituarterekin piano-jolearekin.

Loraldiarekin lankidetzan, ekimenak saio ikusgarria antolatu du: Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe. Miren Agur Meabek Amorante eta Aitor Gametxo gonbidatu ditu emakume poeta askoren testuen irakurraldiari soinua jartzeko.
Musika  eta poesia ere Jabier Muguruzak eta Bernardo Atxagak nahastuko dituzte otsailaren 14an, Geltokiak Izarretara disko-liburuan oinarritua. 80ko eta 90eko hamarkadetako musikari errepaso egingo diote.
Gauza bera gertatuko da martxoaren 16an, non Iker Diaz eta Adolfo Garcia Gorriaren kontzertu-emanaldia izango baita, Bob Dylan  kantaria gogoan dutela.

Poesia guztia, martxoaren 9tik 18ra bitartean izango da aurten Bilbao Poesia Literatur Jaialdiaren XXI. edizioaren baitan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu