BERTSOTAN

Milaka haur bertsotan

Euskal Herriko gaztetxo askok bertsolaritza lantzen jardun dute ikasturte honetan ere, ikastetxean bertan zein bertso-eskolan.
Ikasturte amaierarekin batera bertsolaritzaz gozatzen ari diren haur eta gazteak elkar topatzeko hainbat ekimen antolatu dira. Ikastetxeetan ikasturte amaierako bertso jaialdi eta kantaldiak antolatu dira; ikastetxeetako eta bertso eskoletako haurren arteko topaketa gauzatzeko Eskolarteko Bertsolari Txapelketak martxan dira; bertso eskoletako kideak elkartzeko Bertso Eskolen egunak ospatu dira han-hemen, eta udaran ere bertsolaritzaz gozatzen jarraitzeko Bertso Udalekuak antolatu ditu Bertsozale Elkarteak.

Hainbat proiektu bideratu dira helburu honekin. Ikastetxetan, Gu ere bertsotan proiektua dago, non 327 ikastetxek hartu duten parte. Dozenaka bertso-jaialdi ere bai antolatu dira Bizkaian, Gipuzkoan eta abarretan. Adibidez, Nafarroan, 1.204 ikaslek hartuko dute parte Bertsopaper Lehiaketan eta honen sari banaketei loturik, bost eskualdetan saioak egingo dira. Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoan, Bertsulari Ttiki Egunak 530 haur elkartuko ditu maiatzaren 27an Izpuran.

Bertso-eskolen lana apartekoa da. 2010-11 ikasturtean, Euskal Herriko 7 herrialdetako 122 herritan jardun dute bertso-eskolek lanean eta horietan 1.636 kide batu dira.
Bertso-eskolen Egunak ere ospatzen ari dira. Gipuzkoan, 30 herritako 400 haur batu ziren, apirilaren 10ean Legazpin, egun osoko festan. Bizkaian, maiatzaren 21ean Iurretan izan da Bertso-eskolen Eguna. Araban, maiatzaren 28an izango da Legution, Arabako Eskolarteko Txapelketaren finalarekin lotuta. Nafarroan, ekainaren 4ean Larraintzarren izango da haurrei zuzendutakoa, Eskolarteko Txapelketaren finalarekin lotuta. Eta Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoan, Apirilaren 16 eta 17an egin zuten Bertso-Eskolen Topaketa, Bidarrain.

“…eta horrela, bizitzen gera, sortuz ta sortuz gure aukera atsedenik hartu gabe….”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button