EZLEKUBAT

Naroa Gaintza: “22m2 proiektua bunker baten itxurakoa da”

Amaiur taldean urtetan aritu ondoren, 22m2 (Hobeitabimetrokoadro) izeneko lana kaleratu du Naroa Gaintzak, David Nanclares musikariarekin batera. Bakarkako disko bat izan arren, rock and roll banda baten kontzeptuari heldu dio. Bere musika-kutxako onena eskaintzera dator Naroa: une intimoak daude, pasarte indartsuekin kontrastatuak. Berarekin egin dugu berba gehiago jakin nahian gabiltza-eta.

Amaiur taldetik HogeitaBiMetroKoadrora. Soinu potenteetatik bestelako espazio batera.

Harrigarria iruditzen zait, baina ni naiz.  22metrokoadro nire espazio txikia da, leku konkretu batzuk ditut intimitatea bilatzeko eta azalera hau nirea da, propioa, isolatua, bunker baten itxurakoa. Nire beste aurpegia da, nirea, benetakoa, gutxik ezagutzen dutena, goxoa eta xumea.

Nondik sortu da proiektu honetan murgiltzeko ideia, grina, indarra, beharra….?

Behar absolutua izan da. Amaiur utzi eta hilabete batzuetara elkartu ginen berriz… Kanta batzuk nituen eta forma eman nahi nien, taldea osatu nahi nuen, ahal zela etxekoekin. Baina luze jo zuen, denbora asko eta etekin gutxi eta nire barruak presa handia zuen. Hori dena alde batera utzi eta iparrik gabe aurrera jarraitu nuen… Orduan David Nanclaresek, nire gitarrako irakasleak, eskua luzatu zidan, bere ideiak, denbora, nirekiko eta abestiekiko gertutasuna… eta bada urtebete Balea estudioan sartzea erabaki genuen Asier Ercilla eta hainbat lagunekin batera.

Lan-disko intimoa dela aipatu duzu inoiz. Zeu zarena zabaltzeko gogoa sentitu duzu?

Ez da naizen hori zabaltzeko gogoa bultzatu nauena, nire barrutik ateratzeko gogoa baizik. Aurreko galderaren harira, proiektu hau aurrera ateratzeko giltza, korapilo handi bat askatzea zen. Nire barruan leku gehiegi okupatzen zuen amaierarik gabeko istorio bati bizitza ematea. Intimoa da, gai konkretu bati kantatzen zaiolako batez ere. Oraingoan horrela izan da, hori zen beharra, oso kontziente izan naiz gaiak jorratzeko orduan. Norberak beretik eta berarentzat idazten du, horrela behar du benetakoa izateko.

Diskoko kantuak, irudiak, letrak… denak du lotura bat. Lan borobila, zentzukoa eta indartsua egin nahi izan duzu lotura hori guztia baliatuta. Zertan da lotura hori?

Diskoko portadan Euskal Errotak eraikina aurki dezakegu, nire etxetik metro gutxitara dago, aurrez aurre topatzen dut penintsula amaitzean, hori da abiapuntua. Bada, Lars Von Trier-en pelikula batean oinarritu gara irudi horretara iristeko… Hondamendia, holokausto hitza erabiltzea larregi iruditzen zait… errekak dena darama, eraikin hori eta kantu batzuk ez ezik eta beste dena barruan geratzen da, liburuxkan, lau hormen artean, 22 metro koadro horietan… Hori da guztia, oso sinplea da, sinpletasunaren konplexutasuna du barruan. Nire buruak horrela funtzionatzen du, koherentzia eta lotura eman nahian beti esku artean duenari, zentzu osoa izan arte.

Dena da karratua. Taldearen izena, titulua ere bai, metroak, etxea… Karradurarekiko obsesioa?

Kar, kar… baliteke. Ziklo hartan koadrora berretzen genituen gure sentimenduak. Jolas bat bezala hasi zen, koadrora maitatu, deseatu, barre egin… Indartu egiten zituen hitzok. Hori dena desmitifikatzeko ordua zen, horrexegatik hau dena. Hala ere, guretzat Karratura zen dena, metroak ere. Ondoren Euskaltzaindiaren araua jakin nuen eta aldaketak egin behar izan nituen bai ala bai…

Diskoak dakarren liburuxkan lan handia dago, eta mezu asko. Argazkiak, kanten letrak, esaldi isolatuak (ikusten duzu itsasoa?), poemak, …

Guztiak zentzu bat du, eta esaldi guztiek jabe bat dute. Liburuxka mimo eta maitasun handiz eginda dago. Miren Sanzek egin du. Arratsalde batez etxera etorri, ardo botila pare bat zabaldu,eta istorio guztia kontatu nion, pausoz pauso, xehetasun guztiekin. Oso garbi nuen; hau hemen, bestea hor, hitz solte hauek, esaldiak, zer iruditzen..? Argi nuen ere gertuko lagunak bertan egotea nahi nuela, kantuan edo idazteko orduan. Goizalde Landabasok poema batzuk eman zizkidan, eta aukeratutakoa irakurri nuenean, istorio guztia laburbiltzen zuela konturatu nintzen. Aho zabalik utzi ninduen… komentatu nion zer nahi nuen, baina bete-betean asmatu zuen. Iragana beti dator, beti doa, dago…

Amodioari buruzko kantak direla esan duzu. Amodioak mundua mugitzen du?

Ez, baina norberaren mundua mugitzen du, dena hankaz gora jar dezake. Horregatik jakin-min paraleloak izan behar dituzu beti. Denak ez dira amodiozkoak, baina bai barrutik idatzitakoak, zintzoak, ez azalekoak. Kanta bat sortzeko orduan emozioen barrena nabigatzen duzu, niretzat behar izan bat da, nire mamuak aurrez aurre jartzea gustatzen zait, aurrez aurre akatu ahal izateko… 

David Nanclaresen ekarpena handia izan da, ezta? Eta beste musikariena?

Daviden ekarpena ezinbestekoa izan da, ez soilik nire kantak eder jantzi dituelako, baizik eta soka-lagunik onena izan dudalako ondoan. Nabarmentzekoa da David Gorospek baterian egin duen lana, kolpe hori bakarra da. Eta gurekin batera aritu direnak, zer esanik ez, izen batzuk kantak baino lehenago zeuden, Elliott Murphy, Igon Olaguenaga, han behar zuten.  Denak ditut lagun, gertukoak dira eta kantekin bat zetozen. Diskoa honek pertsona askoren zatitxo bat du, horrela gustatzen zait niri…

Formatu honetan gustura sentituko zara hemendik aurrera, edota antzinako soinuetara bueltatuko zarela uste duzu?

Ba, ez dakit. Agian fokuetako beroa eta izerdia dariola egotea hartuko ditut faltan, jendetza aurrean izatea, zuzenekoek duten indar hori… Egoera horiek zoratzen naute… Baina momentuz, kantak dioen moduan, gelditzeko nator eta luzerako izatea espero dut.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button