EZLEKUBAT

Mikel Soto (Txalaparta): “Snobismo handia dago literatura kontuetan”

Mikel Soto (Iruñea, 1978) Historian lizentziatua da. Txalapartako euskarazko liburuen ardura du editore gisan, eta bere eskuetatik hainbat lan interesgarri pasatzen dira urtero.
Argitaletxe batean lan egiteak zer arazo eta onura dakartzan jakin nahi izan dugu eta berarekin mintzatu gara.

Noiztik literaturarekin obsesionaturik? Eta noiztik lanbide, kasu honetan, editore?

Obsesionaturik… Tira, literatura hurbildik bizi izan dut txikitatik, baina obsesionatu edo behintzat era oso berezian bizitzen hasi, hainbeste gauzekin bezala, nik esango nuke nerabezaroan… Badakizu, orduantxe hasten zara dena hil-ala-bizi sentitzen, eta orduan hasi nintzen, jende guztia bezala, poema nerabe zoroak idazten, egileekin obsesionatzen, liburu jakin batzuk behin eta berriz irakurtzen etab.

Eta editore lanetan 2005ean hasi nintzen, beraz, tonto-tonto hamar urte joan dira Txalapartan Eider Rodriguezen lekukoa hartu nuenetik.

Zerk bultzatu zintuen argitaletxera batean zure lana egitera?

Txiripak. Historia ikasketak amaitutakoan Bibliotekonomia ikasten hasi nintzen, liburuzaina izan nahi nuelakoan. Azkenean, atxilotu eta kartzelara joan nintzen eta delako master hura ezerezean gelditu zen. Eta, gero, karanbola bat dela medio Txalapartan amaitu nuen. Lanean hasi eta hainbat hilabetera konturatu nintzen egiaz nik ez nuela liburuzain izan nahi, editore baizik. Baina orduan jakin ez, edo bururatu ez editore izan nintekeenik. Zorte handia izan zen niretzat, eta zorioneko sentitzen naiz eman zidaten aukeragatik.

Zein da editore baten lana. Zertan aldatu da kontzepzio erromantiko hartatik hona?

Editore baten lana? Joder, askotan egiten didate eta ez da galdera erraza. Nik uste dut jendeak batzuetan besaulkietan imajinatzen gaituela, cognaca edaten “hau kaka bat da” esanez. Eta egia oso bestelakoa da. Idazkari, zuzentzaile, psikologo, bulegari, parrandarako lagun, irakurle, administratibo, saltzaile, prentsa arduradun… Denetarik egin behar du editore batek, gure tamainan, bederen. Eta, era poetikoago batean esateko; behin irakurri nion Jorge Herralderi animalia estrabikoak garela, begi bat merkatuan dugula jarrita eta beste bat artean.

Liburu berriak jasotzen dituzunean, zer da gehien bilatzen duzuna? Zer ildo nagusitzen da obra bati ateak zabaltzerakoan?

Segun. Saiakera baldin bada, gaiaren beraren berritasuna edo, bestela, ikuspuntuaren berritasuna. Eta literatura bada, ez dut ezer bilatzen.  Irakurle gisa txundi nazala. Askotan esaten dut editorea irakurle kabroi bat besterik ez dela. Bada, oraindik ere liburu-denda batera hurbiltzen den irakurle kabroi hori txundituko duen zerbaiten bila ekiten diot irakurtzeari eta hori estiloa, gaia, ikuspuntua… izan daiteke.

Nola dago gaur egungo editorialetako panorama?

“Gaizki” erantzutearen tentazioa handia izan daiteke, baina nire ustez argilun ugari dago. Kezkagarriak dira mundu mailan ematen ari diren kontzentrazio prozesuak: Berstelman, Mondadori… Baina, hein berean, proiektu txiki interesgarri ugari sortzen ari dira, haize freskoa ekartzen dutenak eta horrek erakusten du ez dagoela dena asmatuta, erabakita edo agortuta.

Globalizazioak, edota jo gaituen krisialdiak, zein ondorio ekarri ditu, edota ekarriko ditu?

Bada, guztiak izango du eragina: krisiak, globalizazioak… Hala ere, ni gehien arduratzen nauena “irakurketaren krisia” deitzen dudana da. Mugikorren, ordenagailuen eta abarren eraginez irakurtzeko modua aldatu egin da. Jendeak, segur asko, inoiz baino gehiago irakurtzen du, baina era oso fragmentatuan, “diagonalean” sarri, saltoka… Eta uste dut horrek kultura, jakintza edota liburua bera ulertzeko modua aldatuko duela. Horrek arduratzen nau gaur egun gehien. Krisiari edo globalizazioari buelta hartuko diogu eraren batean; orain arte hartu diogun bezala, baina, “agorer” izateko gogorik gabe, besteari nola buelta eman ez dakit.

Editorialetako etorkizuna bermaturik al dago?

Batzuena bai eta besteena ez. Ileapaindegiena edota harategiena bezala.

Literatura zaindua eta ildo nagusietatik kanpo dabilen hori da zuen gustukoena. Zergatik? Zein arloren zaintzaileak zarete?

Beno, snobismo handia dago literatura kontuetan. Nik ez dut uste arrakasta daukaten liburuetako batzuk “zainduak” ez direnik. Ez dakit… Adibide bat ematearren, nik gustura argitaratu izanen nuke Stieg Larssonen trilogia: literatura beltza, kalitatezkoa,  ukitu sozialarekin… Beraz, ez nuke adierazi nahi Txalapartaren kakak hobeto usaintzen duenik. Saiatzen gara maila oneko literatura lanak plazaratzen eta ezkerreko, independente eta euskaldun deitura horiekin, bada, zaila da gureak inoiz “ildo nagusi” horietan egotea. Ez gure borondatez, ordea!

Eta zein arlo zaintzen saiatzen gara? Bada, beharbada aipatutako hori: ezkerrekoa, independentea eta euskalduna.

Eta euskal literatura? Zer harreman duzue euskal literaturarekin, eta zer nolako indarra ikusten diozue?

Harremana? Joder, bada… ez dakit, arrainak urarekin duena.  Gure eremu naturala da euskal literatura, eta haren korronte, mugimendu eta astinaldiak bizi ditugu. Esango nuke trantsizio egoera batean dagoela, baina zertara galdetuko bazenit, ez nuke erraz erantzuten asmatuko, beraz, horretan utziko dugu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button