LITERATURA

“BBK Euskal Poesia” ekimena abiatuko da gaur, Bilbon

Egitarau oparoa dakar aurten ere ekimenak, eta aste osoan zehar hainbat saio programatu ditu. Hala, kontzertu-errezitaldiak ez ezik, emanaldi eta errezitaldi poetikoak edota antzerki poetikoak ikusteko eta  gozatzeko aukera paregabea ere eskaintzen digu hil honetan ohiko bilakatu den ekimenak.

Hala, gaur irailaren 16an, Blas de Oterorengana itzultzea goiburupean, musika eta poesia uztartuko ditu Juanjo Navas flamenko kantari bilbotarrak. Kontzertu-omenaldian, Navasek Blas de Oterori abestuko dio, bilbotar poetaren heriotzaren 40. urteurrenean, poetaren testuak kante flamenkoaren erritmikara eta artera moldatuz.

Bihar aldiz, poesia eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizunak hartuko du txanda: Blas eta Gabriel isilaldian. Galatea taldearen eskutik, Gabriel Arestirekin mantendutako kidetasuna izango da ikuskizunaren ardatza, eta bi poeta handien gaztelaniazko eta euskarazko olerkiak uztartuko dituzte ikuskizun eszeniko batean.

Asteazkena, irailaren 18an, Poemak eta deserrotzeak errezitaldian, Miguel Sanchez-Ostiz  eta Beñat Arginzoniz poetak izango dira protagonista. Bi belaunaldi eta joera estetiko ezberdinetako poeta hauek beren lanen irakurketa partekatua egingo dute eta literatura-eduki handiz hornitutako errezitaldian, munduaz eta idazteaz dituzten ikuspegi ezberdinak azalduko dituzte olerkien bitartez.

Antzerkia eta poesia uztartuko dituen Hiru euskal emakume poeta  emankizuna izango da hurrengo egunean, ostegunean. Amalia Iglesias, Julia Otxoa  eta Maria Maizkurrena poeta, narratzaile, artista plastiko edota mikrokontakizunaren ahotsik aipagarrienetakoen eskutik, ironiaz, lirismoz eta egungo gizartearen kritikaz betetako ikus-poemen emankizun berezia eskainiko da.

Euskal Poesiaren XI. BBK Jardunaldiei amaiera emateko, ostiralean, Blas de Oterori gorazarre egin nahi dion kontzertu-errezitaldiaren txanda izango da. Idoia Carramiñana eta Javier Arnaiz izango dira poesia eta musika uztartzen diren ikuskizunaren arduradunak. Hala, Idoia Carramiñana euskal hizkuntzalaria eta ikertzailea, azkenaldian euskarazko poesian dagoen ahotsik aipagarrienetako bat da. Javier Arnaiz poeta aldiz, Bilboko Gau Poetikoak ekimenaren bultzatzailea da, azken hamarkadan poesia ohiko lekuetatik ateratzea lortu duen kultura-formatu berritzailea. Carramiñana eta Arnaizekin batera, Alberto Luis Egia piano-jotzailea eta J. Ignacio Maestre kantautorea izango dira.

Saioak doakoak dira, eta ekitaldi guztiak iluntzeko 20:00etan hasiko dira Bilboko kale Nagusian BBK-k duen aretoan.

Informazio osoa, hementxe.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button