EZLEKUBAT

Balerdi Balerdi: “Lehentasuna kantak berak du”

Pozez betetzen gaitu Mauro Entrialgo komiki egileak eginiko Balerdi Balerdi taldearen logoa laugarrenez ikustea disko batean, hamabost urtez estudioko lanik kaleratu gabe egon ondoren. Hirukote nafarrak iragan urriaren 26an aurkeztu zuen Hegoko Lautadaren Ertzetik laugarren diskoa Iruñean, eta hiru taldekideek ekoitziriko hamar kantu jasotzen ditu. Taldearen itzuleraren, eta disko berriaren xehetasun guztiak jasotzeko, Toño Muro taldearen buruarekin hitz egin dugu.

Hasteko, zerk eragin du Balerdiren itzulera?

Musikarekiko zaletasunak, lehen eta orain bultzatu gaituena. Balerdi Balerdiren itzulera ez da egun batetik bestera gertatu. Isildu ginenetik ez gara erabat geldirik, hau da, jo gabe egon. 2003-2004 urteetan nire lehen taldea izan zen Tocamás-en kanten moldaketan eta grabazioan aritu ginen, eta gero maketa moduko CD batean argitaratu genuen. Hiruzpalau urte igaro ondoren, Marinori, Zarari eta Toñori bururatu zitzaigun Balerdi Erdi izenarekin emanaldiak ematea, hirukote gisa, Balerdi Balerdiren kantez gain, aipatutako Tocamás eta Marinok eta hirurok izan genituen beste taldeen kantak egiteko (Fuletamol, Motos, Fiebre), gaztelaniazko kantak alegia. Eta Marinok utzi eta baxua jotzera Felix sartu zenean, Kontuz hi! taldearen bertsioak ere prestatu genituen, talde honetako baxu jotzailea Felix zelako. Orduan niri berriz etorri zitzaidan inspirazioa, hasi nintzen kanta berriak egiten, eta Felixek utzi ondoren Karlos sartu zenean, Balerdi Balerdi izena berreskuratu nahi izan genuen, nolabait taldearen izpiritua, filosofia edo dena delakoa berpiztu dela argi eta garbi adierazteko.

Nola ikusi duzue zuen burua berriro ere estudioan? Eta lokalean?

Estudioan orduak eta orduak pasatzea, gu bezalako musikari amateurrentzat, gozamena da, baina batzuetan gogorra ere suertatu zaigu, agian ohitura faltagatik. Hala ere, Musikorta estudioan oso gustura aritu gara, aldez aurretik hamar kanten moldaketa gehienak pentsatuta genituelako eta Jotak, teknikariak, primeran tratatu gaituelako. Plazer handia izan da berriro Batiz gitarra-jolearen laguntza izatea, baina sufrikario luzea nahasketak bukatzea, irailean kantak Amorototik Iruñera, eta bueltan ez dakit zenbat alditan ibili dira-eta. Lokalean beti gustura aritzen gara, baina zoritxarrez gure lanen txandek ez digute aukera askorik ematen entsaio gehiago egin ahal izateko.

Kantuak propio egin dituzue disko berrirako?

Kanta gehienak prest genituenean Jotak luzatu zigun bere estudioan grabatzeko gonbita. Hamar kantuetako sei azken urteotan konposatuak ziren, eta zuzenean jo izan ditugu behin baino gehiagotan; gainerako laurak lehenagoko Balerdi Balerdi taldean egin genituen, baina gure aurreko hiru diskoetatik kanpo geratu ziren; hauetako bi ere azken emanaldietan jotzen genituen, eta soilik bi espreski diskorako birmoldatu ditugu (hain zuzen, Pello Lizarralderen hitzak dituztenak, Linboan eta In Dylan imitatione).

Gitarra gardenak, melodikoak eta biziak, eta letra ironikoak. Horiek al dira Balerdiren bi ezaugarri nagusiak? Baita disko honetan ere?

Baietz uste dugu, Balerdiren kanta ia guztietan gitarraren soinu indartsua edota erritmo bizikoa izan dela gure ezaugarrietako bat, letra ironiko edota anbiguoekin batera. Beste ezaugarri bat melodiari ematen diogun garrantzia izan daiteke. Disko honetako bereizgarria, beharbada, estilo oso ezberdinetako kantak sartu ditugula izan daiteke.

Non kokatuko zenuke lan berri hau zuen diskografian?

Laugarren lana izanik, hamabost urte pasa dira hirugarrena grabatu genuenetik. Gauza asko aldatu dira musikagintzan eta nabarmenki diskogintzan. Autoprodukzioa berria izan da guretzat (beno, aurrekoetan Marinok, baxu jotzaileak, hartzen zuen ardura, eta Gor diskoetxekoa izanik, agian berarentzat ere “autoprodukzioak” ziren Balerdiren diskoak). Lau kanta aitzineko Balerdirenak izateagatik, nolabaiteko lotura egin dugu aurrekoekin, eta espero dugu sei kanta berriekin gure ibilbidearen bigarren etaparen hasiera izatea.

Disko honekin 90eko hamarkadan atxiki zaizuen malditismo itzal hori kenduko duzuelakoan zaudete? Alegia, disko gutxi saldu, baina kritika onak jasotzen dituen taldearena?

Badakigu oso zaila dela, are zailagoa mende hasiera honetan, diskoak saltzea; beraz, baldin eta kritika onak baditugu, malditismoa onartu beharko dugu, salmenta eskasak izanen ditugula segurua da-eta. Edozein modutan, pozteko arrazoia litzateke entzule gazte batzuengana gure musika helaraztea, eta hauxe dugu itxaropena, belaunaldi berriek gure kantetarako belarriak izatea.

Horrekin lotuta, ez duzue uste power-pop-a gurean gutxi baloratu eta zabaldu den estiloa dela?

Bai, power-pop-a eta pop-a zentzu zabalean ez dira oso estilo maitatuak izan euskal musikan. Baina pop izar batzuk izan ditugu (Itoiz taldea), baita power-pop izugarri ona egin zutenak ere (Jotakie, talde handi-handia). Zorionez, pop melenga (triunfito-ena, adibidez) ez da gure artean zabaldu, eta gure ustez gaur egun ere badira pop aberatsa eta indartsua egiten dutenak (Sparteens eta Uski’s, adibidez).

Argazkia: Adolfo Lakunza.

Power-pop estiloko taldeek kantua bereziki lantzen dute, beti kantu borobilaren bila, melodia eta nerbioaren arteko orekaren atzetik, Balerdi ere antzera gertatzen al da?

Primerako azalpena power-pop estiloa definitzeko ematen duzuna! Aplikatu beharko genioke herri musikaren estilo guztietako kantak garatzeko prozesuari. Edozein estilotik begiratuta, lehentasuna kantak berak du, melodia eta erritmoa ongi uztartu ondoren, egitura (hau da, estrofak, leloa, bakartsaioak eta beste zatien antolaketa) eta moldaketak kanta borobiltzeko pentsatu behar dira. Zoritxarrez kanta perfektuak egitea utopikoa suertatzen zaigu; zorionez, kanta perfektuen bila jarraitzen dugu.

Zuen musikan power-popa gehien nabaritzen den estiloa izanagatik ere, bestelako estiloak ere jorratzen dituzue… zeintzuk izan dira zuen erreferentziak ibilbide luze honetan?

Zaila da laburtzea, erreferente edo eredu asko dugulako: 50eko aitzindariak (Berry, Holly…); 60ko talde britainiarrak (Kinks, Who…), folk-rock kantariak (Dylan, Young…); soul eta rhythm’n’blues estilokoak (Cooke…), California aldekoak (Grateful Dead, Zappa…); 70eko pub-rock (Dr. Feelgood…); new wave-a (Parker, Costello, Lowe…), eta power pop (Jam, Any Trouble…). Halaber, 80ko Amerikako Rock Berria (Lobos, Smithereens…), eta 90eko grunge rockeroa (Posies, Model Rockets…). Zerrendatik kanpo dauden beste batzuk ahaztu gabe: Hoodoo Gurus, Richard Thompson, Matthew Sweet, Specials…  

Estilo aniztasun horren harira, lan berriko Ezkabapean doinuan entzun daitezkeen ska erritmoek entzulea harritu dezakete, ados?

Nire lehenagoko taldeak ezagutu zituen batentzat ez da horren arraroa suertatuko, Fiebre taldean ska edo soka bezalako erritmoak landu zituzten eta. Bestalde, edozein estilotan kantak sortzeko askatasuna aprobetxatu dugu, ezerk ez gaitu behartzen estilo zehatz baten mugetan mantentzeko.

Kantu berriak zuzenean aurkezteko irrikan al zaudete?

Bai, azken finean horretarako atera dugu diskoa: zuzeneko emanaldi gehiago egiteko aukera emanen digulakoan, entzule berrien aurrean gure kantak aurkeztu ahal izanen dugulakoan. Agian, gustatuko zaizkie!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button