LITERATURA

“Balea Zuria” argitaletxe berria abian da

Felipe Juaristik, Juan Ramon Makusok, Pello Otxotekok eta Aritz Gorrotxategik osatzen dute Balea Zuria argitaletxea. Badira hamar urte Poesia eta Pentsamendua jardunaldiekin hasi zirela Durangon eta Donostian, eta lankidetza horretan pauso bat harago ematea erabaki dute. “Lauok arduratuko gara argitaletxeko lanaz, eta denon artean erabakiko ditugu gauzak. Bestalde, badugu bosgarren lankide bat ere, Imanol Larrinaga margolaria. Bera izan da orain arte jardunaldietako irudiak egin dituena, baita gure zenbait libururen azalak ere. Imanol arduratuko da Balea Zuria-ren azalen irudiaz. Harena da, hain zuzen ere, argitaletxearen logoa”.

Balea Zuriak poesia eta saiakera literario laburrak argitaratuko ditu, eta urtero bizpahiru liburu kaleratuko ditu. Horrez gain, lehiaketa bat ere jarri du abian Donostia Kulturarekin batera, DK poesia lehiaketa, 35 urtetik beherako idazleei zuzenduta dagoena. Helburua, poeta gazteak arrantzatzea da. 

Egia da poesia irakurleak ez direla asko, eta egia da ere poesia liburuek behera egin dutela kopuruan azken urteotan. Hala ere, bertako kideek zaindu egin nahi dituzte irakurle horiek, bai eta berriak erakarri ere. “Liburu ezberdinak argitaratu, nortasuna duen ildo bati eutsi, eta, aldi berean, ahots ezagunak eta ezezagunak tartekatu. Azken batean, poesiazko liburu txukun eta kalitatezkoak atera nahi ditugu. Edukiaz gain, liburua ere garrantzitsua iruditzen zaigu objektu bezala. Sorpresa txiki bat ere izango dute gure liburuek, artisau lanarekin lotuta”.

Argitaletxearen lehen liburua Luis Garderen Barbaroak baratzean poemarioa izango da. Garde idazle aski ezaguna da gurean, ibilbide oparoko poeta. Eta, liburu honen kasuan, Luisek apustu arriskatua egin du. Liburu ez ohikoa idatzi du, landua, sinbolismoz betea, erpin askokoa. Azaroaren 10ean aurkeztuko da lan berri hori Donostian, goizeko 11:00etan, Udal liburutegiko Mandas Dukearen aretoan.

“Baditugu beste zenbait proposamen esku artean, eta ari gara pixkana. Facebook-en ere bagaude, eta web orria aurki izango da martxan (www.baleazuria.com).”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button