ESZENA

Arriaga Antzokiak hurrengo denboraldiko egitaraua aurkeztu du

Atzo, Arriaga Antzokiaren 2019-2020 denboraldiko egitaraua aurkeztu zen. Horren gaineko datu guztiak  Arriaga Antzokiaren presidente eragilea eta Bilboko Udaleko Kultura zinegotzi Nekane Alonsok eta Arriaga Antzokiko Zuzendari Artistiko Calixto Bieitok eman zituzten.

Arriaga Antzokiaren 130. urteurreneko denboraldiak “ekoizpen propio sutsuak, estreinaldiak, Beethovenen figurari eskainitako omenaldiak, dantza eta antzerki ikuskizun onenak eta musikal handiak proposatuko ditu”.

Gainera datorren urtean, Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrenak isla izango du Arriaga Antzokiaren hainbat ekoizpen lanetan, Calixto Bieitok denboraldiari amaiera bikaina emateko zuzenduko duen Missa Solemnis bat barne.
Makina bat produkzio izango dira urte osoan zehar:  Manuel de Falla maisuaren El amor brujo; Buero Vallejoren bertsioan oinarrituta, Maria Goiricelayak zuzendu duen Ama kuraia/Madre corajeBrecht se encuentra con Weill lana; West Side Story eta El jovencito Frankenstein musikal handiak;  Antonio Banderasek bultzatutako A chorus line musikal bikaina; Hofesh Shechter, Marie Chouinard eta Akram Khan koreografoen lan bikainak, eta bar.

Baina geuk euskarazko ekoizpenei jarriko diegu fokua, izan ere Arriaga Antzokiak euskal kulturarekin bat egingo du.  Tartean konpainiak, adibidez, Patxo Telleriak idatzitako kabaret musikala eroango du, eta Simplicissimus Kabaret bere proposamen berria estreinatuko du azaroaren 26an eta 27an. Beste aldetik, Fernando Bernuesek zuzendutako  Utzi mezua seinalearen ondoren/Deje su mensaje después de la señal lan berria, urriaren 15ean eta 16an euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko da; Felipe Lozak zuzendutako Sabias ellas lana, urriaren 29an eta 30ean eszenaratuko da; eta Iparragirre, bihotzeko Jose Mari lana, Urretxuko bardoaren abestiz osatutako antzerki omenaldia, 2020ko martxoaren 11n, Loraldia jaialdiaren barruan izango da.
Jokin Oregiren eta Marie de Jongh konpainiaren lan berria ere erakargarria izango da: Ikimilikiliklik;   bai eta Khea Ziater konpainiaren eta Alex Gerediaga zuzendariaren azken sorkuntza lana Oymyakon: habitación 101 ere. Azkenik, azaroaren 6an eta 7an, Artedrama, Axut! eta Dejaburen artean ekoiztutako Zaldi urdina oholtzaratuko da.

Euskal dantza taldeak ere programazioan izango dira. Urriaren 9an, Eva Guerrero sortzaile bilbotarraren Gorpuztu eszenaratuko da. Eta abenduaren 2an eta 3an, Kukai Dantza Arriaga Antzokira itzuliko da Gauekoak proiektuarekin.

Eta gure musikariak ere eszenariotik pasatuko dira. Ruper Ordorikak bakarka eta formatu akustikoan bisitatuko du antzokia urriaren 6an, Bakarka lanarekin. Hilabete horretako 23an, German Ormazabal eta Xabier Lizaso piano jotzaileak Andoni Egañarekin arituko dira. Arriaga Antzokiak beste euskal abeslari batzuen lan berriak zuzenean entzuteko aukera eskainiko du: Gontzal Mendibil (Biok, azaroak 3) eta Eñaut Elorrieta (Irteera argiak, abenduak 1), eta baita Anne Etchegoyen (abenduak 10) ere. Azken horrek Euskal emazte izeneko egitasmoarekin. Mikel Urdangarin ere Arriaga Antzokira itzuliko da, oraingoan piano aurrean eserita, Loraldiak bultzatutako kontzertuan.

Eta Arriaga Antzokiko foyerrak bestelako ikuskizunak jasoko ditu Literatura eta Musika Euskaraz programari esker. Hor, Anje Duhalde eta Koldo Amestoy (urriak 21), Alboka Folk Taldea (2020ko urtarrilak 20), Xabier Amuriza eta Agus Barandiaran (Koplariak, otsailak 10) eta Borja Estankona, Igor Estankona eta Ilargi Agirre (Bigarren ahotsa, apirilak 20) bilduko dira.

Programazio guztia, hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button