IKUS-ENTZUN

Lanegan, Urbizu, Bowie, Simone eta Elvis, Zarauzko “Rockumentalak” jaialdian

Mark Lanegan musikari estatubatuarraren emanaldiarekin hasiko da Zarauzko Rockumentalak jaialdiaren bederatzigarren edizioa, maiatzaren 26an. Laneganekin batera, Duke Garwood eta Arrutiko Intxaurrak arituko dira.

Screaming Trees 90eko urteetako grunge taldeko buru ohia da Mark Lanegan, eta Phantom Radio izenburuko lan berria aurkeztuko du Zarautzen. Phantom Radio estatubatuarraren bederatzigarren lana da. Bakarkako lehen lana 1990ean argitaratu zuen, eta ibilbide horretan lan bikainak argitaratu ditu, tartean, blues kutsuko Whiskey For The Holy Ghost (1994) edo soinu garaikideagoekin jantzitako Bubblegum (2004).

Musika-dokumentalen zikloari dagokionez, bost film pantailaratuko dira. Emanaldi gehienetan, gainera, kontzertuak ere izango dira. Hala, maiatzaren 27an, Zertarako Ameztu (2007, Ibon A. Totorika) filma aurkeztuko da, eta egun berean, Gorka Urbizuk (Berri Txarrak) joko du.

Ekainaren 3an, Elvis: That’s the way it is (1970, Denis Sanders) dokumentala eta Santiago Delgado y Los Runaway Lovers talde bizkaitarraren emanaldia. Ekainaren 4an, halaber, eta David Bowieren heriotzaren harira, Labyrinth (1986, Jim Henson) fikziozko filma pantailaratuko dute, musikari britainiarrak antzeztua.

Ekainaren 10ean, The Brian Jonestown Massacre talde estatubatuarrari buruzko DIG! (2004, Ondi Timoner) dokumentala ikusi ahalko da, Iparraldeko The Lookers garage-rock taldearekin batera.

Azkenik, ekainaren 17an, bi dokumental pantailaratuko dituzte: The amazing Nina Simone (2015, Jeff L. Lieberman) eta Janis: Little Girl Blue (Amy Berg, 115min). Horiekin batera, Amaia Gabilondo arituko da.

Informazio gehiago: rockumentalak.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button