IKUS-ENTZUN

Ana Diez zinema zuzendariaren atzera begirakoa Alondegian

Euskadiko Filmategiak Alex de la Iglesiari buruzko atzera begirakoa antolatu zuen joan den urtean. Hark izandako arrakastak bultzatuta, orain Ana Diez zuzendari tuterarrari eskainiko dio beste ziklo bat Baionan (Cinéma L’Atalante/L’Autre Cinéma), Bilbon (Golem AlhondigaBilbao), Donostian (Antzoki Zaharra) eta Gasteizen (Cines Florida-Guridi Zinemak) egingo dena egun hauetan hasita eta ekaina bitartean. Atzo AlhondigaBilbaon egin zen zikloaren aurkezpena.

“Euskadiko Filmategia tematuta dago hemengo zinea eta hemengo zuzendarien lanak zabaltzen”, esan zuen Euskadiko Filmategiko zuzendaria Joxean Fernandezek.

Beraz, Nafarroako Filmotekarekin lankidetzan, nafarraren filmografia osoaren programazioa atondu da datozen asteetarako ,izan ere, “Ana Diez film luze gehien dituen emakumea da”.

Aurkezpenean, Diezek harridura puntu bat baduela honek guztiak aitortu zuen, “izan ere, ez dakit hau bezalako zikloa merezi dudan, ni handia naizenenean hasiko naiz benetan zuzentzen, orain ikasten ari bainaiz”

Dana Rotbergekin batera sinatutako Elvira Luz Cruz, pena maxima, edo Ander eta Yul (1989) filmarekin Zuzendari Berri Onenaren Goya Saria eskuratu zuena, eta duela urte batzuk Paisito (2008) pelikulara arte, dozena erdi film luze zuzendu ditu Ana Diezek (Todo está oscuro, La Mafia en La Habana, Galíndez, Madrid, Mon Amour, Algunas chicas doblan las piernas cuando hablan,…)




Horiek guztiak ikusteko parada egongo da Euskal Herriko hainbat hiriburutan. Gaur berton, Bilbon, lehen emanaldia izango da, baina bestelako datak hemen begiratu ahalko dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button