ARTEA

Günther Förg artista alemaniarraren obra Donostian

Donostiako Altxerri galerian Günther Förg (Füssen, 1952) artista alemaniarraren obra piktorikoa dago ikusgai otsailera bitarte. Pintoreak bere azken lanak paratu ditu bertan, tartean, olioak, akrilikoak, pastelak eta akuarelak.

Alemaniarrak Munich hirian ikasi zuen Arte Ederrak eta egun hiri horretan aritzen da irakasle. Pintore ez ezik, argazkilaria eta eskultorea ere bada. Jarrera libre eta arrisku zalearekin jarduten du bere esparruan, “mugan dauden egoerek beti estimulatzen naute”, esan du. Gaztetatik erdietsi zuen arrakasta handia nazioartean.

Pinturan sarritan egin du lan colourfield (eremu kromatiko) handiekin, eta 50eko eta 60ko hamarkadetako artista estatubatuar abstraktuengandik (Barnett Newman, Clifford Still, edo De Kooning) gertu dauden konposizio adierazgarriekin.

Azken boladan obra “irekiarekin” aritzen da, alegia, amaitu barik dagoena, azalera hutsekin eta kolore biziekin, baita naturaren inpresioak diren lauki-sareekin ere. Horiek dira, hain zuzen ere, erakusketa osatzen duten obrak.

Bere lana munduko museo garrantzitsuenetan ikus daiteke, New Yorkeko MOMA-n, Londreseko Tate Modernen eta Madrileko Museo Arte Reina Sofian, besteak beste.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button