IKUS-ENTZUN

Amorebieta-Etxanon abiatuko da udazkeneko Mendi Tour zirkuitua

Ametx Erakundeak antolatuta, iazko Bilbao Mendi Film Festivalean nabarmendutako lau film proiektatuko dira Zornotza Aretoan, irailaren 26an, 20:00etatik aurrera.

2016ko abenduan egin zen Mendi Film Festivalean azken edizioan, mendi zinemagintzako film onenak eta gaur-gaurkoenak biltzen ditu Mendi Tour ekimenak. Jaialdia amaitzen denean hasten da Mendi Tourra.
Bada, Mendi Tourrak udazkeneko zirkuituari Amorebieta-Etxanon ekingo dio datorren asteartean, hilak 26. Geroago Burgos, Madril, Sopela, Urnieta, Markina-Xemein, Elgoibar, Zumarraga, Potes eta Basauri bisitatuko ditu, eta horren ostean iritsiko da Bilbao Mendi Film Festivalaren 10. edizioa, abenduaren 8tik 17ra.

Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan iazko edizioko lau film nabarmenetakoak eskainiko dira: E.B.C. 5.300m (Film Labur Onena BMFF 2016) Everesteko oinarriko kanpalekua urtero bi hilabetean muntatu eta desmuntatzen da. Gidariak, sukaldariak, gonbidatuak… batuz, 1000 bat lagun bildu daitezke bertan; Annapurna III Unclimbed (2016, Austria) David Lama, Hansjörg Auer eta Alex Blümel austriarrak, inoiz inork egin gabeko erronka batean eskalatzen: Annapurna III-an hegoekialdeko pilarea; Metronomic (2015, Frantzia) Artista bilkura Verdongo haitzarteetako skyline egiten, musika erritmo biziz lagundutako uztarketa magikoa; eta Freedom Underload (Sari Nagusia BMFF 2016) Bizi lezioak eta hausnarketak Tatra mendi ikusgarrien Eslovakiako isurialdean txertatuta dauden zamaketarien eskutik.

Saioa 20:00etan hasiko da, eta sarrera libre izango da aretoa bete arteko mugarekin. Filma guztiak jatorrizko bertsioetan eskainiko dira, azpidatziekin lagunduta. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button