EZLEKUBAT

Dizebi

Dizebi izenaren atzean Itsasondon jaio eta Beasainen bizi den graffitigilea dago. Bere artelanak Goierriko herri askotan ikus daitezke. Horietatik askok errealismotik edaten dute: bere margoetan gizaki eta animalien potreta piloa antzeman daiteke. Xehetasunez beteriko lan zorrotz horri esker, 34 urteko artista honen hormetako lanak graffitiaz haratago daude, espraiekin eginiko ohiko sinadurak aise gaindituz. Hortaz, Dizebirekin harremanetan jarri gara bere obraren berri izateko.

Nola hasi zinen kalean pintatzen? Zergatik kaleko hormetan eta ez mihisean museo batean erakusteko?
1998 urteko udara baten hasi nintzen, koadrilako Choix-ekin batera, Hip Hop mugimenduan sartuta zegoen Lasarteko jende bat ezagutu ondoren.
Egia esan museo eta galerietako mihiseak eta artea orokorrean ez zaizkit batere interesatu orain dela gutxi arte behintzat, beti urruneko eta arrotz suertatu zaizkit. Kalean egin ohi izan ziren mural eta graffitiek ostera zerbait berezi eta deigarria zuten eta erakargarri gertatzen zitzaizkidan, ziurrenik nire garaiko eta inguruko testuinguruan ematen den zerbait delako, gertuko eta, beraz, ulertzen dudana. Eta nola ez, graffiti hitzak berak ere badu erakargarritasun bat berari lotua denok imajinatu ditzakegun arrazoiengatik.

Kalea edo museoa?
Kalea da betetzen nauena, momentuz behintzat, baina inongo aterik ere itxi gabe.

Poliziarekin arazorik?
Hasieran nahiko, baina arazo larririk ez dut izan.

Zeintzuk dira zure erreferente garrantzitsuenak?
Garai bakoitzean graffitigile desberdinen lana interesatu zait momentu horretan egiten nuenari loturik, eta asko izan dira. Bai estatu mailan bai mundu mailan. Orain arte graffiti munduari loturikoak ziren, gaur mundu honetatik kanpo dauden artistak ere interesatzen hasi zaizkit, eta modu inkontziente batean hauen eragina ere jasotzen dela pentsatzen dut.

Zein da zure lan egiteko prozesua? Txantiloiak? Koadrikula? Nola lor daiteke horrelako perfekzioa hain tamaina handietan?

Espraia da nire oinarrizko tresna, arrabola eta pintura plastikoarekin batera. Egia esan hain dimentsio handietan lan egiteak bere abantailak eta desabantailak ditu, eta irudiak horren tamaina handian proportzio egokiz markatzearena ez da erreza suertatzen. Batzuetan koadrikulatu ohi dut, beste batzuetan ez. Baina nire lanean perfekziorik ez da existitzen, oso kritikoa nahiz nire buruarekiko eta beti ikusten dut zer hobeagotu.

Zenbat denbora eman dezakezu irudi bat horman pintatzen?
Egun oso bat normalean, baina oso erlatiboa da, 3 ordutik hasita 2 egun arte edo astebete ere pasatu baitut noizbait pareta baten aurrean, margotu behar dudanaren arabera aldatzen da.

Zure muralen mezuak ikusita… “Beste mundu bat amestu dut…” “Gosez hildako pertsona bakoitzaren atzean hiltzaile bat dago”… Arteak eraldakuntza sozialaren funtzioa eduki beharko lukeela uste al duzu?
Ez da nire intentzioa margoekin mundua aldatzea, ez litzateke justua besteei zerbait eskatzea nire buruari begiratu eta aldatu beharreko hainbat gauza ikusten ditudan bitartean. Baina egia da inguruan gertatzen diren hainbat gertakizunek pertsona bezala eragiten zaituztela eta askotan hori modu batez edo bestez kanporatzeko beharra sentitzen dela, nahiz eta handik minutu erdira kontraesanean erori.
Gaurko gizartean artista asko dago eta bakoitzak bere arrazoiak izango ditu, baldin baditu, artea egiteko. Ez dut uste halere artearen funtzioa eraldakuntza sozial bat bilatzearena izan behar duenik soilik, eta horretarako artearen historiari begiratzea besterik ez dago. Abangoardia artistikoentzat artearen helburu nagusiena gizarte hobeago bat lortzearena izan zen, nahiz eta behin eta berriz porrot egin zuten saiakera honetan. Baina utopiak ere beharrezko izaten ditugu eta politak izaten dira ezta?

Artelanetatik bizitzeko asmorik?
Ez dago batere erraz, jendeak orokorrean nahiko interes gutxi agertzen baitu artearekiko eta beraz, artea erosi nahi duen jende kopurua ere asko murrizten da. Eta honek ez nau batere harritzen, artearen inguruko heziketa bat jaso ez badugu edo ulertzen ez badugu zaila suertatzen da dirua horretan gastatzea, askoz probetxu gehiago aterako baitiogu LCDko pantaila erraldoi bat duen telebista bati.
Arteak elitista izaten jarraitzen duela iruditzen zait, eta ez beti arrazoi ekonomikoengatik.

Beasaingo horma guztiak pintatu orduko, zeintzuk dira zure egitasmoak?

Badago zorionez edo zoritxarrez margotu gabeko hormarik oraindik Beasainen, eta aldi berean esan behar dut ez zaizkidala sekula mugak gustatu ezta proiektu erraldoiak ere, beraz betiko martxan jarraituko dugula pentsatzen dut, han hemendik kolore pixka bat ipintzen bazterretan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button