BERTSOTAN

Bardoak txapelketaren hirugarren asteburua

Bost saio izan ditu Nafarroako taldekako txapelketako hirugarren asteburuak eta behin horiek jokatuta amaitu da lehen fasea. Sei taldek lortu dute bigarren faserako sailkatzea: aurreko astetik sailkatuta zegoen Leitzako Leitzaundi taldearekin batera, Oronoz-Malerrekako Erauntsi, Barañaingo Beteranoak, Etxarriko Bilixkorriko, Auritz-Iruñeko Bertze Maldikoak eta Lesakako Rimak Exkaxko.

Ostiralean hiru saio izan zituen Bardoak 2012k, Iruñean, Leitzan eta Lesakan. Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean, merendu gozoa dastatu ondoren, etxeko Xirristi-Mirristi eta Malerrekako Erauntsi taldekoak 40 entzuleren aurrean aritu ziren bertsotan. Erauntsik irabazi zuen saioa.

Leitzan ere 40 entzule inguru elkartu ziren Aurrera Elkartean Leitza ta leitzarrak eta Malerrekako Jituk taldeen saioa entzuteko. Etxekoek irabazi zuten saioa. Ostiraleko azken saioa Lesakan jokatu zen, eta herriko Rimak Exkaxko eta Araitz-Beteluko Mailope izan zituen protagonista. Azkenean, etxekoek eraman zuten saioa eta horrekin batera hurrengo faserako txartela.

Larunbatean Uitzin eta Iruñean izan ziren bi saioek amaiera eman zioten Bardoak 2012ko lehen faseari. Uitzin Larraungo Hautsi eta Barratu eta Auritz-Iruñeko Bertze Maldikoko taldeetako sei bertsolariak aritu ziren bertsotan. Saio puntuagarria amaituta, Bertze Maldikokoek eraman zuten saioa eta bigarren faserako sailkatu.

Iruñean 50 lagun hurbildu ziren Dizerdit eta Etxarriko Bilixkorrikoren arteko saioaz gozatzera. Afaria izan zen lehenik, eta ondoren bertso saioa. Bilixkorrikok lortu zuen bere bigarren saioa irabaztea, hortaz Sakanako taldea ere bigarren fasean arituko da.

Beste aldetik, bigarren faserako sailkatzea lortu duten sei talde horiek bina saio jokatu beharko dituzte, buelta bikoitzean, bat etxean eta bestea kanpoan. Horrela gelditu dira bigarren faseko saioak: Leitzaundi – Erauntsi; Beteranoak – Bilixkorriko eta Bertze Maldikoak – Rimak Exkaxko.
Bigarren fasea martxoaren 2tik 18ra luzatuko da.

Horren gaineko informazio osoa hemen aurkituko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button