ESZENA

Agerre Teatro, Oihuklari Clown eta Dejabu Panpin Laborategiaren proposamenak

Agerre Teatro bueltan dago. Ia bi hilabete egon da Hego Amerikan barrena biran eta kontatu digutenez oso aberatsa izan da esperientzia. Bi nazioarteko jaialditan izan dira: Experimenta 12, Rosario (Argentina), eta Fitich 5 por Chiloe Profundo (Chile). Eta honezkero, hasi dira prestatzen beste proiektu berriak Txilera bueltatzeko. Halarik ere, hemen ere ez dira geldirik egongo eta otsailaren 17an, Barakaldo Antzokian, ¿Es usted, también, Don Quijote? izeneko lana taularatuko dute.

Egun hauetan ere, Bilboko Hurbiltasun antzerkian, Las Txirenitas taldeak Amanda TeVé antzezlana estreinatuko du BBK Salan. Bertan, Loli Astoreka, Sol Maguna, Gemma Martinez, Yolanda Martinez, Vito Rogado eta Maribel Salas egongo dira otsailaren 1etik 5era arte.

Dejabu Panpin Laborategiaren Gure bide galduak antzezlana ikusteko aukera izango da datorren larunbatean, otsailak 4, Lezoko Gezala auditorioan, 19.30ean.
Bost aktore eta zuzeneko gitarra doinuekin sortutako antzezlana da. Taldean sortua eta eraikia. Konpainian ohikoa duen moduan errealismo magikoz zipriztindutako ikuskizuna da, Euskal Herriko historia hurbila abiapuntu hartuta: Franco hil ondorengo lehen urteak, mundua benetan alda zitekeela pentsatzen zen garaia, hain zuzen ere. Utopia, amets eta desenkantuari buruzko kontakizuna da Gure bide galduak, memoriatik berreskuratutako piezekin sortutako gaurko ipuina.
Egun horretan ezin baduzue, hona datorren aukera: otsailak 10, Zarautz. Lizardi antzokian 22.00etan.

Azkenik Oihulari Klown antzerki taldetik ere idatzi digute hainbat proiekturen berri emateko. Emakume eta genero gaiei lotutakoak dituztenak hauexek dira: Zai Beti Zai/La Espera, E Zineman/De Pelicula, Divinas, Encantadas, Molestias Clownicas eta Modelo Clowntrapublicitaria.

Umeei eta familiei zuzendutakoak ere Alfonbra Majikoa eta Mamu Txikiak, eta ipuin saioak, Virginia Imaz, Amaia Arriaran, Rakel Imaz eta Maider Galarzarekin antolatzen dituzte. Eta Virginia Imazekin, clown eta ipuin tailerrak, Antzuolako Laskurain haundi Baserrian antolatzen dituzte.

Hil honetako 1, 8 , 15 eta 22an, Irungo Liburutegian, umeentzako ipuin saioak egingo dituzte, eta otsailaren 28an, Etxebarriko Kukuiaga ikastetxean Alfonbra Majikoa egingo dute. Otsailaren 18an, Bilboko Topalekun, 20:30etan, La Espera oholtzaratuko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button