LITERATURA

Gaumin argitaletxea nobedadeekin dator

Gaumin argitaletxeko kideek nobedade berriak iragarri dituzte udazkenari begira. Alde batetik, Euskal Herriko Booktrailer Lehiaketa, eta beste aldetik lan berrien argitalpenak zeintzuk diren azaldu digute.

“Literaturaren mamia eta aukerak ugaritzen eta aberasten ari dira, gero eta gehiago eta gero eta azkarrago. Istorioak inoiz baino gutxiago mugatzen dira paper hutsaren pasibotasunera. Literatura musika ere izan daiteke, irudiak, ahotsa, antzezpena… edo guztia batera. Gauminen, aukera berri horiek aztertu eta bultzatu nahi ditugu. Bide bazter eder guztiak ezagutzeko, eta datorrenerako prestatzeko. Ezinbestean, gure gazteen motibazioa eta ilusioa elikatuz. Horixe iruditzen zaigulako etorkizun hobea eraikitzeko modua”.

Euskal Herriko Booktrailer Lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu dute, eta webgune berria ere estreinatu dute: www.booktrailerlehiaketa.net. Bertan informazio guztia izango dute gaztetxoek, eta baita parte-hartzeko formularioa ere. Booktrailerrak aurkezteko epea azaroaren 28ra arte dago zabalik.

Diogun bezala, liburu berriak, udazkeneko aleak plazaratzekotan daude. Batetik, Regreso a Chernóbil eta El misterio del Camino de Santiago Irakurketa erraza formatuan euskaraz sortutako lehen bi liburuen itzulpenak aterako dira. Ander Izagirre eta Fernando Morillo egileek berek itzuli dituzte liburuak, eta laster batean katalanez ere ikusiko dute argia.

Bestetik, gazte literaturako bi eleberri berri kaleratuko ditu Fernando Morillok: Zauri ezkutuak eta Maddi euskal piratekin. Lehena, bullying-aren inguruko eleberria da. Bigarrena, Mikel Mendibil ilustratzailearekin batera sorturiko 8-9 urteko haurrentzako istorioa.  
Amaitzeko, Mikel Rodriguez idazle lesakarraren lehen eleberria plazaratuko du argitaletxe honek: Begirada bategatik. Bi aletan banaturiko eleberri mardula da, lehen orria irakurri orduko, idazleak irakurlea besotik hartu eta amaieraraino eramango duena. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button