ARTEA

Abiada hartu, salto egin eta besarkada bat eman

Titulu horren pean abiatu du Iruñeko Mistoen eraikineko beheko solairuan bere erakusketa Mayte Velaz Sanchak. Bere margolanak, eskulturak, marrazkiak, eta bestelako objektuak, uztailaren 19ra arte ikusi ahalko dira.

Erakusketaren ardatza taula gainean egindako 38 olio-pinturak dira, bai eta horiekin batera erakusten diren esmalte sintetikoz egindako ekoizpenak eta koloretako arkatzez egindako marrazkiak ere.  Aipaturikoez gain, makina bat elementu ere agertzen dira, hala nola, “kobrea, aglomeratua, zura eta beira nahastuz egindako eskulturak, zementu eta igeltsuzko objektuak, burdin-harietan eta zintetan eutsitako zetazko paperak, oihaletarako spray-pinturak, collageak eta bideo bat”.

Paratutako erakusketa konfinamenduan osatutako sormen-prozesutik etorri da, izan ere, duela urte batzuk artista hasi zen lantzen zura, aglomeratua, kobrea eta iltzeak erabilita. Geroago, 2018an, marrazkiak egiten hasi zen, askotariko teknikez eta gainazal ezberdinetan, eta iaz, eginak zituen hainbat lanetatik beste sormen lan batzuk atera zituen. Bilakaera horri batu zaizkio, konfinamendu-garaian, koloretako arkatzen erabilerak eta bideo bat grabatzea. Eta horrek guztiak makina bat gogoetak sortarazi dizkio tamaina, material, kolore eta abarren gainean.
Hortik sortu da Abiada hartu, salto egin eta besarkada bat eman erakusketa, izan ere egileak “denbora luzez pilatu eta erreprimitutako sentipen sortzailea askatu du. Askapen hori aitortzea izan da, hain justu, aktibitate-uholde horren, edo hobeki esanda, hiperaktibitate horren pizgarria, garai honetan lan-mota batetik beste batzuetara konpultsiboki igarotzera eraman duena. Marraztu du, irakurri du, idatzi du, margotu du…”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button