MUSIKA

Wovenhand-ek “Star Treatment” aurkeztuko du gaur Bilbon

16 Horsepower taldeko buru ohi David Eugene Edwards musikari estatubatuarra da Wovenhand. Bada, gaur, Bilboko Santana 27 aretoan izango da, 20:00etatik aurrera. Aurretik, James Room musikari bilbotarrak joko du.

Wovenhand proiektuan 16 Horsepower-en erakutsitako antzeko ezaugarriak erabiltzen ditu Eugene Edwardsek; hots, neofolk-a, country alternatiboa, post-punk-a… Agian, bigarren egitasmo hau aurrekoa baino mistikoagoa eta espiritualagoa da, ez hain rockzalea, eta fede kristaua erakutsi ez ezik, AEBetako natiboen musikak ere txertatzen ditu.

2001 urtean abiatu zuen Denver hiriko musikariak Wovenhand, 16 Horsepowerrek hartutako atseden luze bat baliatuta. Hala, 2002an estreinako lan homonimoa argitaratu zuen. Harrezkeroztik, 11 disko plazaratu ditu, azkena 2016an, gaur aurkeztuko duen Star Treatment, hain justu.

Grabazio indartsua da, gitarra gogorrekin jantzia. Planes Mistaken For Stars post-hardcore taldeko bi kiderekin grabatu du Edwardsek, eta Chicagoko Sanford Parker ekoizle metal zaleak ekoitzi du, Steve Albiniren Electrical Audio estudioan. Halere, ez da hardcore-punk disko bat, Wovenhanden ohiko lan bat izaten jarraitzen baitu; hots, lan espirituala eta zaratatsua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button