ESZENA

Lau koreografia ezberdin Gipuzkoako hainbat herritan

XIV. Dantza Zirkuituak emanaldi-agenda zabala prestatu du datozen egunetarako Gipuzkoako lau herritan. Alurr Dantza Taldeak Irradak koreografia eskainiko du gaur, hilaren 17an, Besaingo Usurbe antzokian. Hilaren 19an, larunbatez, Argia taldeak Martin Zalakain lana taularatuko du Eibarko Coliseo antzokian, eta egun berean Iron Skulls Co. konpainiak No sin mis huesos ikuskizuna aurkeztuko du Irungo Amaia Kultur Zentroan. Azkenik, Aukeran konpainiak Aukeran 20 urte ikuskizuna eskainiko du igandean, hilaren 20an, Bergarako frontoian.

Guztien artean, Martin Zalakain lana azpimarratuko dugu. Izan ere lan talde handi baten ekoizpena da: Juan Antonio Urbeltz zuzendari eta koreografo, Ander Lipus zuzendari eszeniko eta antzezle, Harkaitz Cano idazle, Mikel Urbeltz musikari, Itziar Otamendi dantza maisu, Amaia Bueno jantzien diseinugile eta Josu Garate dantzariaren eskutik Martin Zalakain obra ikusgarria sortu da, Argia dantza taldearen partaidetzarekin batera.

Dantza eta antzerkiaz haratago doan obran, Juan Antonio Urbeltzek, Ander Lipusek eta Harkaitz Canok bat egin dute Pio Barojaren Zalacaín el aventurero eleberrian oinarritutako ikuskizun dramatiko berria egiteko xedez.

Juan Antonio Urbeltzek gidatutako Argia dantza konpainia donostiarraren egitasmoa da ikuskizuna. Aditu honek hain ondo ikertu eta ezagutu duen euskal dantza tradizional garaikidean oinarri bat ezarri nahi du “dantzarako antzerki dramatikoaren ildotik”, izan ere, betiko dantza tradizionaletan oinarriturik bestelako proposamen berriak sortu nahi izan ditu. Ikusgarria Xiberoko antzerki tradizioan oinarritzen da, pastoralean bereziki, baina italiar Pizkundeko aberastasunetan ere bai, Luis XIVak Frantzian asmaturiko baletan edo XX. mendeko errusiar baletetan. Taula gainean, Ander Lipus antzezleak, kontakizunaren kontalariak, Pío Baroja ordezkatzen du.

Eta dantza protagonista da, eta dantzari elemenia bat ikusteko aukera egongo da. Argia dantza konpainiarekin batera beste bost dantza talde arituko dira: Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Duguna (Iruñea), Maritzuli (Miarritze) eta Elai-Alai (Portugalete). Guztiek Marian Arregi dantza maisuaren batutapean lan egin dute.

Beste obra guztien gaineko informazio gehigarria hemen duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button