Emakumeek euskal ikus-entzunezkoen sektorean duten funtsezko eginkizuna eta talentu berria ikusarazteko helburuz jaio zen Zinemakumeak Gara! Aurten, urriaren 21etik 26ra bitartean garatuko da Bilboko hainbat espaziotan: BBK aretoa, BilbaoArte, BBK Kuna, “La Bolsa” eraikina eta Golem Alhóndiga zinemak.
Jaialdiaren barruan zenbait jarduera antolatu dira, hala nola, film labur eta luzeen proiekzioak, tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak, testuak eta argazkiak biltzen dituen erakusketa bat, eta bestelako topaketak gonbidatutako zuzendariekin, azken horiek beren filmak aurkeztuko dituzte jendaurrean.
Zinema-erakusketak 10 film luze ikusteko aukera emango du, gainera horietariko askok jaialdi ospetsuetan parte hartu dute (Cannes, Sundance, Seminci, Berlin). Berlinen Urrezko Hartza irabazi berri duen Dahomey (Mati Diop, 2024) film luzea bertan estreinatuko da, jaialdiari hasiera emateko.
Beste aldetik, 7 film labur (euskararako azpitituluekin) eta Argentinako zinemaren historian funtsezkoak diren hiru tituluren bertsio berrituak pantailaratuko dira: Camila (María Luisa Bemberg, 1984), Yo, la peor de todos (María Luisa Bemberg, 1990) eta Un muro de silencio (Lita Stantic, 1993).
Inaugurazioa BBK Aretoan izango da, urriaren 21ean, 19:00etan, eta hitzordu horretan Simone de Beauvoir 2024 saria emango zaio Gracia Querejeta zuzendari eta gidoilariari. Aurten beste sari bat emango da, BIHARGI EITB Saria izenekoa, talentu berria aintzatesteko. Sari horren lehenbiziko edizio honetan, Nerea Alberdi konpositore eta moldatzaile bilbotarrak eskuratuko du.
Bilbon izan ostean, jaialdiak bere programazioaren bertsio laburtua eramango du Basauri, Portugalete eta Bermeora.