BESTELAKOAK

“Mundua aldatzeko ideiak” gaurtik aurrera

2012 Euskadik bultzaturiko Mundua aldatzeko ideiak ekimena gaur hasiko da 18 begirada intelektualen bidez egungo kultura zertan den aztertu ahal izateko. Hala, uztailaren 5, 6 eta 7an, saio bereziak egingo dira arratsaldeetan munduko txoko guztietatik etorriko diren puntako pentsalariekin.

Ekimena bi helbururekin antolatu da, “alde batetik, euskal kulturara bakearen aldeko kultura ekartzea,-oraingo honetan Bilbon-, eta bestetik, une batez bada ere, Euskadi pentsamenduaren hiriburua izatea munduko pentsalari onenekin”.

Gaur, aurkezpen-ekitaldian komunikabideekin topaketa bat izango dute hizlarietako bik: Nikaraguako idazle eta presidenteorde ohi Sergio Ramirezek eta Alfredo Jaar artista eta arkitekto txiletarrak. Beste aldetik, Txileko presidente ohi eta NBE Emakumeak adarreko egungo zuzendari Michelle Bacheletek grabaturiko mintzaldia proiektatuko da.

Eta arratsaldean, lehen egun honetan,  Ramiro Pinillak Historia nola egin behar den hitzaldia egingo du; Bence Fliegauf zinemagileak Zinema, arrazakeria eta ahaztutako gatazkak lehen munduaren bihotzean gaiaz hitz egingo du; Germaine Greer-ek feminismoaren gainean egingo du berba Zer esan nahi du feminista izateak XXI. mendean? gaiarekin; Wassyla Tamzali Iraultza eta kontrairaultza. Emakume eta gizon arabiarrek askatasunerantz egin beharreko ibilbide luzeaz mintzatuko da; Susan Georgek Ilustraziotik austeritatera: kultura-paradigma berria? defendatuko du, eta Shashi Tharoor Globalizazioa eta giza irudimenaz arituko da.

Datozen egunotako hizlarien taldea honako hauek osatuko dute: Zygmunt Bauman filosofo poloniarrak, Alessandro Baricco idazle italiarrak, Isabel Coixet zinemagileak, Alfredo Jaar artista eta arkitekto txiletarrak, Ignacio Cirac Fisikako Sari Nazionalak, Amy Goodman kazetari independienteak, Sergio Ramirez Nikaraguako presidenteorde ohiak, Pier Giorgio Olivetti, Cittaslow mugimenduaren zuzendariak, Susan Abulhawa errefuxiatu palestinarrak, eta Palestinako haur-parkeak sortu zituenka, Colin Vaines zinemagileak, Luisa Etxenike idazleak, eta Josep Ramoneda kazetariak.

Hitzaldiak Bilboko Euskalduna Jauregian burutuko dira saio ezberdinetan, eta entzule gisan joan ahal izateko www.2012euskadi.org webgunean egin beharko dira izen emateak, derrigorrean. Halarik ere, streaming bidez ere munduko txoko guztietatik ikusi ahalko dira hitzaldiak, gero saio hauek guztiak grabatuko dira eta esteka horretan eskainiko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button