ESZENA

Emakume sortzaileek eginiko piezak ikusgai

Bilboko BBK Salak azken lauhilekorako diseinatu du antzerki-programazio berria. Hilean behin hitzordu bat egongo da arte eszenikoekin lotuta, eta lan horiek emakume sortzaileek bultzatutakoak izango dira.

Lehen funtzioa larunbatean izango da, hilak 23. Egun horretan estreinatuko da Bilbon Las que limpian antzezlana, A Panadaría konpainia galiziarren proposamenik berriena. Eszena Galiziako luxuzko hotel batean kokatzen da. Esparru horrek aukera ematen du bai kelly-en lan-baldintzei buruz hitz egiteko (% 70ek patologiaren bat jasaten du lan-gainkargaren eraginez, garbitutako logela bakoitzeko 2,5 € inguru kobratzen baituteI), eta bai sistema turistiko prekarizatzaileaz eta garbiketen nahiz zainketen arloan dagoen genero-arrakalaz mintzatzeko ere.
Talde hori antzezlan lotsagabe, feminista eta politikoa egiteagatik da ezaguna eta batere aurreiritzirik gabe erabiltzen ditu baliabide herrikoiak eta gag umoretsuak, beti ere ikuspegi kritikoa islatzeko.

Urriaren 27an, Centro Dramático Nacional-en beste koprodukzio bat ikusi ahal izango da, Los que bailaban, Amaya Galeote koreografo eta dantzari madrildarrak sortu eta zuzendurikoa.  Azaroaren 10ean, Hiru Kortse, Azukre Asko eta Brandy Gehiegi pieza helduko da BBK aretora. Kamikaz Kolektiboaren eta Ttak Teatroaren arteko koprodukzioa den komedia garratz honek askari baten inguruan beren buruaz mintzo diren hiru emakume aurkezten dizkigu. Inguratzen gaituzten, eragiten diguten eta eraikitzen gaituzten fikzioetan maskulinitatearen omnipresentziaren biktima direla deskubrituko dute. Antzezlanak 2023ko Donostia Antzerki Saria irabazi zuen.
Azkenik, abenduaren 1ean, Talaré a los hombres de sobre la faz de la tierra antzezlanaren estreinaldi absolutua izango da ikusgai.

Emankizunen ondoren, Desmuntaketak izeneko saioak egingo dira, non konpainiaren eta publikoaren arteko solasaldiak sortuko diren, beti ere arte eszenikoetako profesionalek eta antzerki-kritikariek moderatuta.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button