LITERATURA

“Uda Betea” Aritz Gorrotxategi idazlearen azken lana

Aritz Gorrotxategi idazleak Uda Betea (Elkar) izeneko lana plazaratu du. Atzo, Donostiako Udal liburutegiko Mandas Dukearen aretoan, Xabier Mendiguren editorearekin batera lan berriaren aurkezpena egin zuen.

Elkar argitaletxeak adierazi duen moduan, “Argitasunez beteriko liburua idatzi du Aritz Gorrotxategik, izenburuak berak iradokitzen duen moduan. Itsasoak, beroak, aisiak eta Mediterraneoko paisaiek leku nabarmena betetzen dute bertako poemetan, baina ez dira horiek gai bakarrak. Poeta kutunei egindako omenaldiak ere badira: Pavese, Machado eta Leteri besteak beste, baita adiskidetasunari egindako gorazarreak eta gure mundutik joandako pertsona maitatuei eskainitako oroitzapenak ere. Guztia, hitzaren doitasuna eta erritmoaren musikaltasuna mimatzen dituen espresio zainduaren bidez adierazia.”

Idazleak ibilbide ederra ondu du 2000. urtean Irun Hiria saria irabazi zuenetik, Kafkaren labankada eleberriarekin. 2001ean, Gipuzkoako Foru Aldundiko literatur sorkuntza beka eskuratu zuen. Hiru urte geroago, erakunde berak antolatu sorkuntza literariorako Koldo Mitxelena beka lortu zuen, eta 2012an, Espainiako Kritikaren Saria euskarazko poesia alorrean Hariaz beste poema liburuagatik.
Balea Zuria argitaletxearen (2017) sortzaileetako bat ere bada, eta makina bat lan itzuli du Meettok argitaletxearentzat.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button