MUSIKA

Nolakotasunari begira, “Da Nola” lanean

Da Nola izeneko diskoa kaleratu du Inun zornotzarrak (Mikel Inunziaga, Zornotza, 1983).  Berreginez izeneko lanarekin salto egin zuen euskal musikaren paradisura, eta asko txundituta utzi zituen berak daukan ahotsa eta gitarra erabiltzeko duen magia direla medio.

Estreinako disko hartan pop estiloko hamaika kanta eskaini zituen, eta bakar bakarrik grabaturiko diskoan, Inun-ek looper-a, danbor elektronikoa eta oihartzun ezberdinak egiten zituen pedal bat erabili zituen. Orain bestelako “sukaldaritza” egin duela aitortu du: “oraingo honetan bandarekin aritzea deliberatu dut, lan honek hala eskatzen zidalako”. Modu horretan, bandarekin arituko da diskoa aurkezteko kontzertuetan, grabatu ere horrela egim baitu: Dani Tomas, Bihotz Gorospe, Argibel Euba eta Ekain Alzola musikariekin.

Badirudi  diskoa eta kantak janzteko gogoa sentitu duela Inunek. “Formari erreparatu nahi izan diot, egiteko moduari ematen diot garrantzia. Poema eta melodia uztartzen erabili dut energia handia, eta engranaje hori da kantaren funtsa. Modua da garrantzitsua lan honetan, eta hortik dator titulua; Karmel Igartuak eginiko poema batetik atera dut”.
Bestalde kantariak aitortu du ia kasualitatea izan dela diskoaren osaketa. “2015 eta 2016an, Azkuna Zentroko Gutun Zurian parte hartzera gonbidatu ninduten, hainbat poemari musika jartzeko, eta gauza bera gertatu zitzaidan joan den urtean Bernado Atxagak egin zuen errezitaldi batean. Lan horiekin guztiekin diskoa osatu dut”.

Hortaz, diskoak  bederatzi kantu dakartza, guztietan berak jarri du musika, baina letrak euskal poetenak dira. Hala, Karmele Igartua, Jon Mirande, Jon Arano, Itxaro Borda, Miren Agur Meabe, Bernardo Atxaga eta Castillo Suarezen olerkiak soinu ederrez jantzi ditu Inunek.

Inunek Da Nola aurkezteko Bilboko Kafe Antzokian egingo du  lehenengo kontzertua urriaren 20an, ostegunarekin. Bandarekin agertuko eszenatokiaren gainean, baina bakarlari gisan ere segituko ditu kontzertuak ematen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button