
Larunbatean, ekainak 7, Irudimena lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo da Bilboko San Inazio auzoan dagoen Euskararen Etxean.
Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Azkue Fundazioak abian jarri zuten iragan martxoan Irudimena! lehiaketaren 4. edizioa. Lehiaketaren helburua euskaldunen artean sormena bultzatzea da. Lehiaketak honakoa proposatzen du: Euskal Herriko soinu mapatik ateratako bederatzi soinuen artean bat aukeratu, eta horretan oinarrituta soinu berri bat, euskarazko testu bat edo irudi bat egitea.
Bada, bihar, lehiaketa horren irabazleak iragarriko dituzte, bai eta sariak eman ere. Ekitaldi horrekin batera, Josu Bergara eta Zezeren kontzertuak eta graffiti lantegia ere izango da; azken horretan izena ematea doakoa da.
Ekainean bestelako ekitaldiak ere izango dira Euskararen Etxean: hilaren 12an, Joxean’s Hil Eben filma proiektatuko da, eta filmaren zuzendariak bertan izango dira emanaldia aurkezteko. Joxean´S Hil Eben izenburuarekin izendatu du Katihotsak Logia kultur elkarteak Ataun Of The Dead film odoltsuaren bigarren zatia. Xabier Padinek eta Beñat Iturriozek zinegileek Zonbi karlistak eta banpiro jeltzaleak bildu dituzte filmean.
Azkenik, ekainaren 26an Borja Estankona musikari bizkaitarra izango da. Iragan azaroan plazaratu zuen Estankona musikari bizkaitarrak bere bigarren lana: Fruitua (Baga Biga). Gasteizko Sonora estudioetan grabatutako lana da, Iñaki Alonso teknikariaren laguntzarekin. Ondoan, konfiantzazko musikarik izan ditu: Itxaso Etxebeste (baxua) eta Jimmy Arrabit (bateria). Biak ala biak aurreneko diskoan ere parte hartu zuten, eta zuzenekoetan ere aritzen dira Estankonarekin.



