ARTEA

Remigio Mendiburu artistaren izaeran sakontzen duen erakusketa, Bilbon

Mendiburu. Materia eta memoria izeneko erakusketa abian da Bilboko Arte Ederren Museoan. Irailera bitartean ikusi ahalko da artistaren izaeran sakontzen duen erakusketa. Mendiburu. Materia eta memoria erakusketak bere ibilbide osoaren isla da: 1950eko hamarraldiaren amaieran hasi zenetik 80ko hamarraldiaren erdialdeko azken proiektuetaraino.

Remigio Mendiburu (Hondarribia, 1931-Bartzelona, 1990) XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal eskultore nabarmenetako bat da. Jorge Oteizak sustatutako Gaur taldean parte hartu zuen, Eduardo Chillida, Rafael Balerdi, Amable Arias, Jose Antonio Sistiaga, Nestor Basterretxea eta José Luis Zumetarekin batera.

Mendiburu bere garaiko konbentzionalismo formaletatik urruntzen duten eta eskultura esperimentalaren egile gisa birkokatzen duten alderdiak nabarmentzen dira erakusketa honetan. Bere lanaren izaera esperientziala lehen lanetan ere hautematen da. Beste aldetik,  herri kulturaren eta materialen oihartzuna ere nabaritzen da naturaren ikuspegi erromantikotik urruntzen den hizkuntzaren bitartez. “Naturarekiko begirada agerikoa bada ere, egurraren bitartez, denboraren joana eta haren misterioa eta lekukotasuna islatzen duen lurralde bat miatzen du Mendiburuk, eta gizatasuna bere bizi iraupenaren alde borrokatzera behartzen duen ordena naturalaren lekukotasuna ematen du.”

Mendiburuk beste material eta hizkuntza batzuekin ere esperimentatu zuen, eta inoiz, lan, egurra eta zementua nahastu zituen, edo egurra edo alabastroa.
Guztira ehun pieza (eskulturak eta paper gaineko lanak) inguru ikusiko ditu bertaratzen denak.

Erakusketaren harira, hainbat hitzaldi eta ikus-entzunezkoen emanaldi ondu dira museoan.

Artistaren gaineko datu eta xehetasun guztiak katalogo honetan kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button