IKUS-ENTZUN

Gaur hasiko da FANT

Gaurtik 8ra bitartean FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XVII. edizioa egingo da. Inaugurazio-ekitaldia gaur bertan izango da Fausto (20:00etan, Golem zine aretoetan) klasikoaren pantailaratzearekin.

Sekzio ofizialean Australian, Hego Korean, Txinan, Frantzian eta Alemanian ekoiztutako sei film luze estreinatuko dituzte. Horrez gain, film laburren sailean 15 lan lehiatuko dira. Aurtengo nobedaderik garrantzitsuena egoitzaren aldaketa da. Izan ere, aurtengo FANT Alondegian dauden Golem zinema-aretoetan egingo da.

Ezin da ahaztu, gainera, larunbatean, hilak 7, Nontzeberrik aurtengo Nontzefilmak Film Laburren Lehiaketako lanik onenak proiektatuko dituela. Horretaz gain, genero fantastikoko zuzendari klasikoen lanak ere bildu dituzte egitarauan, tartean, Murnau, Tod Browning eta George A. Romero.

Sekzio Ofizialera aurkeztuko diren filmak honako hauek dira: I saw the devil korearra, Kim Ji-woon-en maisulana; banpiroei buruzko Thirst, Old boy lanaren zuzendari izan zen Park Chan-wook ezagunarena, hori ere hego-korearra; Zhang Yimou zuzendariaren Una mujer, una pistola y una tienda de fideos chinos txinatarra, Cohen anaien Sangre fácil filmaren remake-a, kultura txinatarraren estiloarekin egina; Rubber frantsesa, pneumatiko hiltzaile baten istorioa, Quentin Dupieuxena, mundu erdia liluraturik utzi zuena, Cannesen estreinatu ondoren; Leon Fordek zuzendutako Griff the invisible komedia poetiko australiarra, eta Anno Saulek zuzendu duen eta Bilbora Gérardmereko Zinemaldiko Filmik Hoberenaren sariarekin heldu den Die Tür thriller aleman bikaina.

Ohikoa denez, epaimahaiak aukeratutako filma berriro eskainiko da zinemaldiaren azken egunean, maiatzaren 8an, Golem zine aretoetan.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Juan Zapater BilbaoArte fundazioaren zuzendariak; Maria Eugenia Salaverri kazetari eta idazleak; eta Luis Rosalesek, fantasiazko eta beldurrezko generoan espezializatutako Scifiworld multimedia proiektuaren zuzendariak.

Horrez gain, hainbat sail paralelo ere izango dira, besteak best, Fant Maisuak, bertan zuzendari klasikoen lanak proiektatuko dira; Zinearen Pozoia, genero fantastikoari buruzko dokumentalak ikusteko aukera izango da, aurten Paul Naschy zuzendariari buruzkoa, edota Saio Berezia. Azken atal horretan Black Death (Britainia Handia – Alemnaia, 2010) filma proiektatuko dute. Egitarau osoa hemen jasotzen da.

Nontzeberriren Nontzefilmak gaua maiatzaren 7an

Azkenik, Nontzeberri kultura webguneak antolatu ohi duen Nontzefilmak gaua maiatzaren 7an, larunbata, egingo da. Hala, 23 lan proiektatuko dira, horietatik 9 euskal zinemagileek egin dituzte. Filmak euskarazko azpitituluekin proiektatuko dira.

Epaimahaikideak honako hauek izan dira: Zinema atalean, Ines Intxausti, ZINEBIko idazkari nagusia eta Kepa Sojo, zinema zuzendaria; Animazioa sailean, Aitor Oñederra eta Izibene Oñederra, Arte Ederretan lizentziatuak eta animazioko zuzendariak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button