MUSIKA

Tooth, Willis Drummond, Safety Pins eta Separatistas

Otsaileko ostegunetan lau kontzertu interesgarri izango dira Arrasateko gaztetxean: Tooth (7an), Willis Drummond (14an), Safety Pins (21ean) eta Separatistas (28an). Emanaldiok Kooltur Ekintza programaren baitan daude.

Kontzertu zikloa Tooth hirukote gernikarren emanaldiarekin hasiko da. Mirri (ahotsa, baxua), Edorta (gitarra, ahotsa) eta Ager (bateria) musikariek osatzen dute banda eta euren proposamena post-hardcorearekin lotu daiteke, izan ere, euren doinuetan Dut, Lisabö, Helmet, Unsane banden eraginak sumatzen dira. Iaz, bost kantuko EP homonimoa argitaratu zuten eta Bilbo Hiria pop eta rock lehiaketan ere parte hartu zuten.

Otsailaren 14an, berriz, Willis Drummond lapurtarrak izango dira oholtzan. Iaz, A ala B izenburuko lan arrakastatsua argitaratu zuten, eta disko horri esker kontzertu andana egiten ari dira. Laukoteak orain arte argitaratu duen lanik klasikoena da, rock zaleena. Horretarako estudioan lan asko egiten dute soinua eta kantuak ontzeko.

Hilaren 21ean, aldiz, punk rock doinu klasikoak entzungo dira Arrasateko Gaztetxean. Izan ere, eguen horretan Mikel Biffs punk rocker bilbotarraren Safety Pins talde mitikoaren berpizkunde berria ikusi eta entzun ahalko da.

Azkenik, hilaren 28an, Los Separatistas banda interesgarriaren emanaldia izango da. Hasiera batean talde hau zenbait kontzertu egiteko eratu da, eta bertan musikari ezagunek jotzen dute: Dan Wilson (The Cubical), Rober!, Iñigo Cabezafuego eta Joseba Irazoki (Atom Rhumba), Felix Buff (Willis Drummond) eta Mikel Abrego (Anari).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button