MUSIKA

The Allnighters, rhythm and blues-aren orroa

Hamabost urte eta gero, Euskal Herrian eratutako rhythm and blues eta soul talde onenak lan berria argitaratu du: Everything is changing (Gaztelupeko Hotsak). The Allnighters gasteiztarrek erritmo beltz dotoreekin apaindutako zortzi kantu bildu dituzte lan berrian: sei kantu berri, bi bertsio eta haien lehenengo diskoan argitaratutako Midnight boogie klasikoaren moldaketa.

Taldeak gaur aurkeztu du diskoa Bilbon, eta Iñaki Garcia Igu abeslariak azpimarratu duenez, “ez da estiloa ariketa bat, inoiz baino gehiago abestiei erreparatu diegu, kantu itsaskorrak egin nahi izan ditugu, kontzertu bat ikusi ostean, kantatzen dituzun horietakoak”.

Everything is changing arabarren laugarren lana da, 1994tik 1998ra hiru disko plazaratu zituzten; taldea 1988an eratu zen. “Hamar urtetan 300 kontzertu egin genituen, eta garai hartan gurean musika beltza Blues Brothers-ekin lotzen zen. Gogoratzen dut Iurren, ‘kanpora amerikarrak´ oihukatu zigutela”, gogorarazi du Iguk umoretsu.

Taldea errepidera ekarri zuen gertaera Donostiako Mojo Workin jaialdia izan zen. “Genero beltzean espezializatutako jaialdi horren deiari esker gaude hemen, eztanda-eragilea izan zen”. Emanaldi horren ondorioz, eta taldekide guztiak Euskal Herrian bizi direla baliatuz, hainbat kontzertu egin zituzten, eta azkenik, grabazio berria etorri. “Koherentea iruditzen zitzaigun zaleei kantu berriak erakustea oholtzan”.

Bada, abesti berri sorta hau grabatzeko izugarrizko esfortzua egin dute, ez bakarrik konposizioan. “Soinutik aldentzen saiatu gara, kantuak azpimarratzeko”. Gijon hirian dagoen Circo Perrotti estudio analogikoa aukeratu dute, eta bertako teknikari Jorge Explosion ekoizle. “Jorgek kantuetan parte hartu du, ez bakarrik soinuan”. Diskoaren diseinua ere bikaina da: azala Jose M. Lledó Merdi artistak egin du, eta diseinuan lehoi bat ageri da, The Allnighters-i eragin dioten artistez inguratua, collage estiloan. “Merdi-k dio gure musikak lehoiaren energia duela”. Azal bikain hori laster, LP formatuan gozatu ahalko da.

Grabazioan jasotako kantuen harira, diskoari azala ematen dion doinua rhythm and blues elegantea da, melodikoa osoa; Gipsy Woman kantuan, Louisianako blues zingiratsuaren eraginak nabaritzen dira; Dr. Feelgood-en My Buddy duddy friends funk dantzagarrian bustita dator eta I’m gonna miss you soul aienea da, hunkigarria.  Aipatzekoa da haize atalaren ekarpena. “Protagonismo handia dauka metal sekzioak, ez daude hor atzean pi-piri-pi egiten”. Halere, taldekide guztiek, bai eta diskoetxeak, egindako esfortzua da azpimarragarriena, emaitza kantu sorta bikaina baita, hala konposizio aldetik, nola soinuaren aldetik.

Diskoa Madrilen aurkeztuko dute urriaren 31n, eta gero Euskal Herritik ibiliko dira: Azaroaren 12an, Elorrion; abenduaren 17an, Ermuan; 23an, Bilbon; 30ean, Gasteizen, eta abenduren 16an, seguruenik, Donostian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button