LITERATURA

Gutun Zuria letren Nazioarteko jaialdia Alondegian

Salman Rushdie, Catherine Millet eta Slovaj Zizek idazleek inauguratuko dute AlhóndigaBilbaok, Egin ezazu nahi duzuna, ezer egiten ez duzun bitartean. Hamarkada bati buruzko gogoetak lemapean abiatuko den Gutun Zuria Letren Nazioarteko Jaialdiaren 4. edizioa. Jaialdia apirilaren 7tik 10era bitartean izango da eta gaur berton dagokion aurkezpena egin dute.
Topaketa honek irakurtzeak eta pentsatzeak eragiten duten plazera transmititu nahi du. Jaialdia AlhóndigaBilbaon izango da apirilaren 7tik 10era bitartean, eta nobedade garrantzitsuak izango ditu beste edizio batzuekin erkatuz gero.

Aurtengo jaialdiak parte hartzera animatu nahi du jendea, zentsurari, autozentsurari, erotismoari, pornografiari, politikari, antiutopiei eta utopiei… buruzko gogoeta egiteko, gizarte garaikidean askatasunaren espazio indibiduala zein den planteatzeko.

Salman Rushdie idazle indiarra eta Slovaj Zizek filosofo esloveniarra izango dira jaialdia inauguratuko duten egileak. Biek hitzaldia eskainiko dute apirilaren 7an.  Hurrengo egunetan, Catherine Millet, Antonio Altarriba, Karmele Jaio eta Javier Cercasen txanda izango da.

Aurten, lehenengo aldiz, jaialdiak atal berria izango du: literatura bati egingo zaio gonbidapena. Aurtengo gonbidatua literatura errusiar garaikidea izango da. Belaunaldi desberdinetako egileen parte-hartzea egongo da: Vladislav Otroshenko, Svetlana Vasilenko, Lev Danilkin edota Romana Senchin, besteak beste.

Ahalik eta herritarren parte-hartze handiena lortzeko asmoz, aurten, jaialdiak Storytelling jarduera proposatzen du apirilaren 10erako. Errealitateak fikzioa gainditzen duenean lemapean, gonbit egingo die hala nahi duten pertsona guztiei, AlhóndigaBilbaoko atarian elkartu, eta, gutxi gorabehera 5 minutuan, bakoitzak bizi izan dituen benetako istorioak kontatzeko.

Marian Egaña Alondegiko ordezkariak komentatu duenez, “oso hilabete literaioa izango dugu datorrena, Haur eta Gazteen Nazioarteko Liburuaren egunarekin bat eginez hasiko dena. Horretaz gain, album ilustratuen erakusketak edota tailerrak ere izango dira Gutun Zuria jaialdia hasi baino lehen”.
Zine-zikloak (Berlangari dedikatua), Udal Bandaren kontzertua edota La Sonrisa Vertical argitaletxearen lanen erakusketa bat ere izango dira egun horietako osagarriak.

Hemen duzue programa osoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button