ARTEA

Tabakalerak bi erakusketa garrantzitsu ondu ditu udazkenerako

Artea eta zinema izango dira ardatz Tabakaleraren udazkeneko erakusketetan. Alde batetik, Zin Ex. Gorputza eta arkitektura erakusketan naturaren, teknologiaren, arrazaren eta generoaren arteko harremanak aztertzen dira, eta nazioarteko artisten hogeita hamarren bat obra biltzen ditu. Beste aldetik, Chris Kraus. Pelikulak lehen eta gero erakusketak zinemagile eta idazle iparramerikarraren filmografia osoa erakutsiko du.

Florian Wüst komisarioaren hitzetan, “Zin Ex erakusketaren bigarren edizio honen gaiak gizartearekin eta geopolitikarekin lotuago daude. Aurrekoa baino figuratiboagoa eta zehatzagoa da, eta film, instalazio, argazki, eskultura, marrazki esperimental eta dokumental garaikideen nazioarteko hautaketa bat jasotzen du”.
Zehazki, Zin Ex. Gorputza eta arkitektura erakusketak aztertu egiten ditu “gorputzaren, teknologiaren eta ingurune naturalaren zein eraikiaren arteko erlazio fisikoak; aurreko mendeko hirurogeiko hamarkadaren amaierako eta hirurogeita hamarreko hamarkadako zinema hedatua eta arte feminista, zinema tradizionalaren espazioa utzi eta gorputzaren irudia gauza bihurtzetik askatu zuena; bai eta diseinu arkitektoniko esperimentalen erreferentzia historikoak ere, erakusketari ikus-entzunezko efektuak gehitzen dizkiotenak.”

Chris Kraus. Pelikulak lehen eta gero erakusketak autore horren filmografia berrikustea proposatzen du. Hainbat elementu garrantzitsu batzen dira bertan: performatibitatea, hizkuntza-geruzak ondoan jartzea, erreferentziak nahastea, barnekoa literatura-elementu gisa hartzea eta prozesu kolektiboa ekoizpena abian jartzeko elementu gisa hartzea. Guztira bederatzi film pantailaratuko dituzte eta bisitariek monitoreetan edo proiektatuta ikusiko dituzte filmak.

Tabakalerak ditu xehetasun guztiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button